Espiral negatibotik urten ezinean dabil Athletic ligan (2-1)

Partidu duina jokatu eta markagailuan aurreratu arren, talde bilbotarrak Sevillaren kontra galdu dau Sanchez Pizjuan estadioan
Akor Adamsek etxeko taldearen bigarren gola sartu dau penalti puntutik / Athletic Club

Athleticek bigarren itzuliko lehen partidu biak galdu ditu. Mallorcan galdu ostean, talde bilbotarrak 2-1 galdu dau Sevillaren aurka Andaluzian, ligako aurreko partiduagaz antza euki dauan partidu batean. Athleticek norgehiagoka duina jokatu dau barriro be, baina akatsek zigortu dabe. Robert Navarrok Athletic aurreratu dau markagailuan lehen zatiaren amaieran, baina Sevillak partidua bardindu dau atsedenaldira heldu aurretik. Mallorcan gertatu zan moduan, Yuri Berchichek penaltia egin dau baloiari eskuagaz emotearren eta aurkariak ez dau hutsik egin penalti puntutik.

Azken partiduetako prentsaurrekoetan argitu bezala, liga da Ernesto Valverderen lehentasuna. Ondorioz, hasierako hamaikako indartsua zelairatu dau Txingurrik eta Yuri eta Berenguer osategitik zelaira igaro dira zuzenean. Ganera, Urko Izetak hasieratik ekin deutso partiduari. Lehen zatian parekotasuna nagusi izan arren, Athleticen jokoa Sevillarenaren gainetik egon da, baina talde bilbotarrak ez deutso etekin nahikorik atera erakutsitako nagusitasunari. VAR gelak Sevillaren lehen gola baliogabetu ondoren, Robert Navarrok sareetara bialdu dau Urko Izetaren erremate baten aldaratzea atearen lerrotik 40. minutuan. Halanda be, poza minutu bikoa izan da. Hurrengo jokaldian, Sevillako jokalari batek baloia lapurtu deutso Sanceti eta Pequek gola sartu dau erremate gurutzatu bati esker, Juanluren asistentzia jaso ostean.

Esan bezala, sentsazinoak talde bizkaitarraren aldekoak ziran. Egoerea ikusita, Almeyda Sevillako entrenatzaileak bere lehen aldaketa egin dau atsedenaldian, taldeari indarra emoteko asmoz. Bigarren zatiaren hasiera lehen zatian ikusitakoaren kopia izan da eta Athletic arriskuagaz heldu da etxeko taldearen areara. Orduan, partidu guztietako akatsa heldu da. Yuri Berchichek bere gorputzaren kontrola galdu dau saltoan eta baloiak bere eskuan jo dau. Penaltia. Akor Adamsek Unai Simon engainau eta Sevillaren bigarrena sartu dau. Valverdek aldaketa hirukotxa egin dau partiduari bueltea emoteko asmoz eta Nico Williamsek minutuak euki ditu, Txapeldunen Ligako partidua galdu eta gero. Kontuak kontu, Athletic ezinean ibili da azken ordu erdian eta talde bilbotarraren bertsinorik indarbakoena ikusi dogu. Beherakadak ez dauka etenik ligan. Martxan dagoan 21. jardunaldia amaitu aurretik, Athletic hamabigarren sailkatua da, 24 puntukaz, eta Europako postuak zortzi puntura ditu, jaisteko postuak bostera dagozan bitartean.

Txapeldunen Liga: dinamikari bueltea emoteko aukerea?

Athleticek hil ala biziko partidua jokatuko dau eguazten honetan Txapeldunen Ligako liga faseko azken jardunaldian Sporting Portugal taldearen kontra San Mamesen. Seguruenik, talde bilbotarrak garaipena lortu beharko dau hurrengo faserako sailkapena lortzeko. Ligan bizi dauan egoera gogorra ikusita, dinamikari bueltea emoteko aukera aproposa dirudi Europako txapelketa. Halanda be, partidu garrantzitsua agertzen da ligako zeruertzean be. Athleticek Errealaren kontrako Euskal Derbia jokatuko dau Bilbon datorren domekan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00