Athleticek 2026ko lehen puntua eskuratu dau Osasunaren aurkako derbian Iruñeako Sadar estadioan, partidu orekatu baten ostean (1-1). Ruben Garciak lehen zatiko 34. minutuan sartutako golak momentu horretara arte egondako parekotasuna hautsi dau eta Osasunaren minuturik onenak etorri dira ostean. Aldaketekaz, Athleticek hoberantz egin dau eta Guruzetak merezidutako bardinketaren gola sartu dau, 19 minutu besterik falta ez ziranean norgehiagoka amaitzeko.
Partidu aurreko prentsaurrekoan aurreratu bezala, Ernesto Valverdek Osasunaren aurkako norgehiagoka bakarrik eukan buruan. Zeruertzean Bartzelonaren kontrako Espainiako Superkopako finalaurrekoa egon arren, Txingurrik ez dau errotazinorik egin eta hasierako hamaikako oso titularra zelairatu dau. Halanda be, Andoni Gorosabelek hartu dau Jesus Aresoren lekua eskoiko lateralean eta Osasunako jokalari ohiak bigarren zatira arte itxaron behar izan dau minutuak eukiteko.
Lehen zatian burruka izan da nagusi. Taldeek garrantzia handiagoa emon deutsie suntsipenari eraikuntzari baino. Halanda be, Unai Simon eta Sergio Herrera atezainek aurkariaren golak ekidin dabez geldiketa on bigaz. Partidua egoan moduan egoala, estrategia jokaldi batean desorekatu behar zan markagailua. Athleticek ebitetako moduko faltea egin dau area ertzean eta Ruben Garciaren jaurtiketa Unai Simonen atean sartu da zuzen-zuzenean. Seguruenik, Murgiako atezainak zeozer gehiago egin ahal izan dau aitatutako jokaladian.
Golak min handia egin deutso Athleticeri eta talde bizkaitarra ezinean ibili da bigarren zatiaren hasieran, aldaketak heldu arte. 60. minutuan, Valverdek Rego, Berenguer eta Robert Navarro zelairatu ditu Ruiz de Galarreta, Iñaki Williams eta Sanceten ordez. Duda barik, asmatu egin dau Txingurrik. Esaterako, Robert Navarrok bardinketaren golaren asistentzia emon deutso Guruzetari eta Athletic Osasuna baino gehiago izatera pasau da jokoan. Azken minutuetan, lehoiek partiduko sentsazinorik onenak itxi dabez eta gertuago egon da kanpoko taldearen bigarren gola etxekoarena baino.
24 puntuko itzulia
Lortutako puntua aintzat hartuta, 24 puntukaz amaitu dau Athleticek 2025-2026 ligako lehen itzulia. Proiekzinoa 48 puntukoa danez, bigarren itzuli hobeagoa egin beharko dau talde bilbotarrak Europarako sailkapena eskuratu gura badau. Sailkapenari jagokonez, zortzigarren sailkatua da momentu honetan Athletic, baina zonalde horretan dabilzan talde guztiek partidu gitxiago jokatu dabez.
Kontuak kontu, alde batera itxiko dabe liga zuri-gorriek orain. Athleticek Espainiako Superkopako finalaurrekoa jokatuko dau eguazten honetan Bartzelonaren kontra Saudi Arabian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Aurkariak -Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril- oso gogorrak izan arren, garaipen bira dauka Athleticek denporaldiko lehen titulua. Ligako hurrengo partidua urtarrilaren 17an izango da, zapatuz arratsaldeko 16:15etan, Mallorcaren aurka Son Moix zelaian.