Nekatur Euskadiko Landa Ostatuen alkarteak zezeilaren 26an egingo dau urteko Batzar Nagusia Dimako Garena jatetxean. Bertan, urteko errepasoaz gain, bigarren urtez Nekatur enbaxadore izendapena banatuko dabe. Aurten Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak jasoko dau izendapen hori, “ardao berezi hori berreskuratzen, indarrean jartzen eta proiektatzen egindako ibilbideagaitik eta Bizkaiko lurraldea, paisaia eta landa nortasuna sustatzen egindako ekarpenagatik”, adierazo dabe Nekaturretik.
Nekatur enbaxadore izendapenaren helburua, euren eguneroko lanagaz Euskadiko landa-ostatuaren eta landa ingurunearen eredua dimentsino sozial, ekonomiko eta jasangarrietan indartzen daben pertsonen lana aitortzea da. Holan, Bizkaiko Txakolinaren aitorpenak “garrantzi berezia hartzen dau mahastizaintza eta ardaogintza sektoreak Bizkaiko Enoturismoaren sorreragaz beste urrats estrategiko bat emon dauan momentu honetan”. Alkarte honek, enoturismoaren garapena sustatzen dau, landa-inguruneko ekonomia, kultura eta turismoa dinamizatzeko tresna bihurtuz.
Bizkaiko Txakolinaren historia hurbila 80ko hamarkadaren hasieran hasten da, upategi-talde bat Bizkaiko Txakolingileen alkartearen inguruan biltzen danean eta, euskal administrazinoaren laguntzaz, txakolina berreskuratzeko prozesuari ekiten deutsonean. 1994an Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deitura lortu zan, eta ordutik, kalidadean, benetakotasunean eta barrikuntzan oinarritutako eredua finkatu da. Eredu horri esker, ardao hau erreferente bihurtu da Euskadin eta Euskaditik kanpo.
Era berean, urtean zehar turismo jasangarrirako bidean dagozan ostalarien lana be aitortuko da Nekaturren Batzar Nagusian. Nekaturrek azken urteetan Jardunbide Egoki Jasangarrien Gida garatu dau, eta horreek betetzeko lan egiten daben alkarteko bazkideei errekonozimendu-diplomak banatuko deutsiez. Helburua, Euskadiko landa-ostatuetan turismo jasangarria sustatzea da. Aitortza ekitaldia urteroko batzarraren ondoren egingo da, eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek girotuko dau.