Txapeldunen ligatik kanpo geratu ostean Athleticek ligan zentratzeko beharra eukan. 14. postuan egoan sailkapenean gaurko partidua hasi aurretik eta derbian maila emoteko gogoakaz urten da taldea. Lehenengo minutuetan talde biek bilatu dabe euren lekua zelaian baina laster ikusi da Athleticen zorroztasun falta. Jokoan argitasun falta igerri bada be, nabarmenago egin da Athleticen zailtasuna Realaren areara heltzeko.
Lehenengo zatian Realak aukera argia euki dau baina Aresok baloia atara dau ia gol marraren ganean. Hortik aurrera Realaren nagusitasuna nabarmen egin da. 36. minutuan Realaren beste aukera bat heldu da. Falta erdiraketa baten ondorioz buruz egindako errematea kornerrera bialdu dau Unai Simonek. 37. minutuan atara daben korner horretan heldu da Realaren gola. Labur atara ostean Gonçalo Guedesek sartu dau gola areatik kanpo egindako jaurtiketagaz. Horrela heldu gara atsedenaldira Realaren aldeko huts eta batekoagaz.
Bigarren zatiko lehenengo momentuetan Athletic zorrotzago bat ikusi dogu. Baloiagaz erasora joateko ahaleginak egin dauz taldeak baina aukera argiak sortu barik. Minutuekaz Realak bere lekua aurkitu dau eta baloia eukiten saiatu da, eta esan geinke horrela izan dala, baloiaren jaubetza Realarena izan da orokorrean.
Izetak gola sartzeko aukera euki dau baina baloia kanpora joan da. Momentu askotan Athleticen ezintasuna nabarmen egin da, batez be erasoan. Partiduaren kontrola Realarena izan da bigarren zatian eta tartean Oyarzabalek bigarren gola sartzeko aukera euki duau be.
83. minutuan heldu da partidua aldatu dauan jokaldia. Brais Mendezek ika-mika antzeko bat euki dau Aitor Paredesgaz. Paredesek bultzau egin dau eta Mendezek eskuagaz erantzun deutso aurpegian emonez. Epaileak txartel gorria atara deutso Brais Mendezi eta Reala jokalari bat gitxiagogaz geratu da.
Horren ostean heldu da Athleticen gola, 88. minutuan. Iñigo Ruiz de Galarretak jokaldi polit bategaz lortu dau bardinketea. Azkeneko minutuetan Realak igerri dau jokalari bat gitxiagogaz egoala. Athleticek aurrera egin dau eta saiatu da bigarren gola lortzen baina ezin izan dau. Azkenean Athleticek 1 Realak 1.
Hurrengo partidua, Kopako final laurenak
Athletic 14. postuan egoan gaurko partidua hasi aurretik eta gaur lortu dauan puntuagaz 25 puntu daukaz eta 11. postura bueltau da. Estu dabil Athletic ligan baina hurrengo hitzordua, datorren eguaztenean kopako final laurenetako partidua izango da. 8 talde geratzen dira kopan eta Athleticek aukera dauka finalerdietara pasetako, Valentziaren kontra jokatuko dauan partidua irabazten badau. Eguazten honetan izango da gabeko 21:00etan, Mestallan.
Kopako partidua amaitu eta gero deskantsurako denpora gitxi eukiko dau taldeak. Ligako hurrengo partidua domekan izango da Levanteren kontra, arratsaldeko 16:15ean, San Mamesen. Levante egoera larrian dago, jeisteko postuetan 18 puntugaz baina azkeneko 6 puntuetatik 4 lortu dauz. Atzo Atletico Madrilen kontra bardinketa lortu eban eta azkeneko emoitzak bolada ona bihurtu gura izango dau Levantek. Partidu garrantzitsuak Athleticek azkeneko astean jokatu dauzanak baina oso garrantzitsuak be datorren astean jokatuko dauzanak.