Zalantzak daukazuz zein gradu, master… ikasi gura dozun? Unibertsidade-zerbitzuei buruz gehiago jakin nahi dozu? Aurreko asteetan Donostiatik eta Gasteiztik igaro ostean, EHUk Unibertsidade Orientazinorako Azoka egingo dau bihar, zezeilaren 14an (09:00-14:00), Bilbon, Bizkaia Aretoan eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultadean. Bizkaia Aretoan osasun zientziei buruzko informazinoa eskainiko daben standak eta informazino saioak izango dira. Eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultadean, barriz, Arte eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Ingeniaritza, eta Arkitektura eta Zientziak arloei buruzkoak.
EHU Azoka Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Hurreratzen diranek, unibertsidadea eta eskaintzen diran graduak, masterrak… hobeto ezagutu eta zalantzak argitzeko aukerea izango dabe, jarduera bi honeen bidez:
- Arreta pertsonalizadua stand-etan (sarrera librea)
- Informazino-saioak (aldez aurreko nahitaezko inskripzinoa eta edukiera mugatua)
Ekimenaren antolatzaileen esanetan, “EHUk graduko ikasketen eskaintza zabaltzen eta modernizatzen jarraitzen dau, prestakuntza espezializaduaren eta kalidadezkoaren eskaera sozialari erantzuteko helburuagaz. Datorren ikasturtean 108 graduko eta 100dik gorako graduondokoko eskaintza akademikoa jarriko dau ikasleen eskura, ezagutza esparru guztietakoak”.