Athleticek Kopako lehenengo partidua Granadan jokatuko dau

Lehoiek andaluziarren kontra 1-0 irabazi eben ligako partiduan
Nerea Nevado, F Ligako partiduan Granadaren aurka Lezaman / Athletic Club

Koparen txanda bihar eguena izango da 20:00etatik aurrera (Teledeporte) eszenatoki ezin hobean. Los Carmenes estadioan jokatuko da Granada eta Athleticen arteko hirugarren kanporaketako neurketea. Andaluziarrak eta euskaldunak indarrak neurtuko ditue Bilbon hain gustukoa dan txapelketa honetan. Joan dan denporaldian, Iraia Iturregi aulkian buru izan eban taldeak finalerdira iristea lortu eban, non Atletico Madrilek final handia irabazi eban Real Madrilen aurka. Aurton finalerdiak partidu bikotxera izango dira eta horrela azken edizinoetako Lauko Finalaren formatua amaituko da.

Duela bi hilabete Athleticek ligako lehen arerio izan behar zan Granada, baina partidua atzeratu egin zan jokalarien grebaren ondorioz. Beraz, maila bereko talde bat izango dau aurrean. Joan dan urriaren 4an andaluziarrak Lezama bisitau eben F Liga-ra igon barri. Hamarkada bat zeramatzaten granadarrek Lehen Mailan lehiatu barik. Lezamako norgehiagoka 1-0 amaitu zan eta horrek argi eta garbi itxi eban David Aznarrek zuzentzen dauen taldearen garaipena sufritua izan zala. Horretaz, Granada ez da aurkari erraza izango, nahiz eta igon barria izan.

Gainera, Athletic Hegoaldera abiauko da garaipena etxetik urrun dastatu ahal izeteko asmoz. Oraindik ez dau lortu ligan, horretarako merituak egin dauzan arren. Granadak ez dau lehen jardunalditik punturik batu eta jaitsiera postuetan dago. Baina Kopan sailkapenak ez dira kontuan hartzen. Banan-banan, txanda bakotxak bizirik dagozanak seinalauko dauz. Zuri-gorriek urdinez jantziko dabe inoiz jokatu ez daben Los Carmenes futbol zelaian, eta final-zortzirenetan sartzea eta etxetik kanpo garaipenaz gozetea izango dabe helburu. Egitasmo hau lortzen badabe, denpora gitxi izango dabe ospatzeko, 24 ordu eskas izango baititue hurrengo norgehiagoka presteteko. Domekan, 18:30ean, iragan denporaldian 25ekin txapelketako golegile nagusia izan zan Kundananji buru daukan Madrid CFF taldearen aurka jokatuko dabe Lezaman.

Bibiane Schulze deialdi batera bueltau da sei hilabeteren ostean

Hilabete zailak izan dira Bibiane Schulzerentzat. Athleticeko erdiko atzelariak 2023ko jorrailaren 29an jokatu eban azkenengoz. Partidu haretan, lehoiak berebiziko garaipena lortu eben Bartzelonan, eta “Bibi” hasierako hamaikakoan urten zan, pubalgiak eragindako minez hilebeteak zeramatzan arren. Denporaldia bukatutakoan, atzelari zuri-gorriak tratamentu kontserbadorea hasi eban gatxak konpontzeko eta prozesu luze horretan Bibianek lesino bat izan eban koadrizepsean.

Azken hilebeteetan bakarka lan egin ondoren, 21 zenbakidunak taldeagaz lan egin dau aste honetan, eta bihar Granadaren aurka jokatzeko zerrendan sartu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular