40 urteren ostean gabarra atera eban kapitainak agur esango deutso Athleticeri denboraldi amaieran. Ernesto Valverdek Athletic lagako dau denboraldi amaieran. Halan iragarri dabe klubetik Valverdek berak egindako bideo baten bitartez. Entrenatzailearen esanetan, aspalditik ondo pentsatu dauan erabagia izan da. Halanda be, denboraldi amaierara arte zurigorrien entrenatzaile izaten jarraituko dau eta lehen helburua domeka honetan Betisen kontra hiru puntuak lortzea da.
Ernesto Valverderen hirugarren etapa da hau Athleticeko entrenatzaile moduan. 2003/2004 denboraldian egin eban salto 2. taldetik lehen taldera. Denboraldi hartan Athleticek 5. amaitu eban eta Europarako sailkatu zan. 2004/2005 denboraldian be Athletic gidatu eban, baina denboraldi amaieran Espanyolera joatea erabagi eban. Bartzelonan, Olinpiakosen, Villarealen eta Valentzian entrenatzaile karguak bete ostean, 2013an, Athleticek Bielsa entrenatzaile kargutik kendu ostean, Ernesto Valverdek bigarren etapa bat hasi eban. Etapa hau, azkenekoaren moduan, 4 urtekoa izan zan. Lau denboraldi horreetan, Txapeldunen ligarako sailkapena lortu eban, Superkopea irabazi eban Bartzelonaren kontra (joaneko partiduan 4-0 irabazita San Mamesen) eta denboraldi guztietan taldea Europako txapelketetara sailkatu eban.
2017an Bartzelonaren deia jaso eban Txingurrik. Bertan hiru urte egin ostean eta beste urte biko deskantsua hartuta, Jon Uriartek bere entrenatzailea izango zala aurkeztu eban 2022ko hauteskundeetan. Horrela, egungo Athleticeko presidenteak hauteskundeak irabazita, Ernesto Valverdek bere hirugarren etapea hasi eban Ibaiganeko taldean. Helburua argia zan: taldea barriro be Europako txapelketetara sailkatzea. Esan eta egin. Ernesto Valverdek Athletic Europa Leaguera sailkatu eban, sei urtez gure koloreak Europatik faltan bota eta gero. Europa Leaguean final erdietara ailegatu zan, baina lorpenik handiena 2024ko Errege Kopea izan zan. 40 urteren ostean, gabarrea Bilboko itsasadarretik ikusi genduan. 40 urte eta gero Athletic txapeldun izan zan.
Azken denboraldian, Txapeldunen ligea jokatu dau Athleticek Ernesto Valverderen esanetara, pasa dan denboraldi borobil bat egin ostean. Ez dabil izaten oso denboraldi ona, baina Europara sailkatzea oraindik posible da.
Ernesto Valverdek garaipenak baino gehiago emon deutsoz Athletici: identidade bat ezarri eban, jokatzeko modu bat, taldea inoiz baino lehiakorrago egin eban, harrobiko jokalariak izar handi bilakatu dauz mundu guztian zehar, milioi bat athletic zale egun batez Bilbon alkartu ebazan eta Athletic sentimendua inoiz baino indartsuago sentitu da nazioartean.
Hirugarren etapeari agur esango deutso denboraldi amaieran Athleticek historian izan dauan entrenatzailerik garrantzitsuenetako batek. Batek daki etorkizunean barriro be San Mameseko aulkian jesarriko ete dan Ernesto Valverde.
