Euskal kulturea da barriro protagonista Ugao-Miraballesen, martiaren 29ra bitartean ospatuko dan Euskal Astearen edizino barri baten. Udalak herriko alkarteakaz, ikastetxeakaz eta kultur eragileakaz alkarlanean antolatutako egitarauak, euskera eta euskal nortasuna sustatzeko erreferentziazko hitzordua izaten segiduten dau. Aste osoan zehar kultura, aisialdi eta partaidetza jarduera ugari izango dira, edade guztietako herritarrei zuzenduta. Egitarauak antzerkia, bertsolaritzea, kale-jarduerak, umeentzako tailerrak, herri kirolak eta musikea buztartuko dauz.
Gaur, Lamapatxa antzerki taldeak Destiny Driver antzezlan laburra eskainiko dau Jane Jauregian. Hurrengo egunetan, Ludoteka kalean (martiaren 26an) eta umeentzako tailerrak izango dira, Aitama guraso alkartearen eskutik, eta baita bertsolaritzea protagonista izango dauan hitzordua be: Bertsoak balkoitik balkoira (martiak 27) eta bertso poteoa musikaz lagunduta. Egun berean, umeentzako Hiruinak antzezlana izango da Jane Jauregian. Zapatuan, martiaren 28an, jarduera nagusien eguna izango da. Herriaren Enparantzan herri kirolak, Etorki Dantza Taldearen alardea eta Gautegun taldearen erromeria izango dira, DJ Pipi-ren emonaldiagaz amaitzeko. Asteari martiaren 29an emongo jako amaierea, 24. Korrikaren amaiereagaz bat eginez.
Beste behin Ugao-Miraballesko Euskal Asteko egitaraua herriko eragileen alkarlanari esker gauzatu da: AEK, Aitama guraso alkartea CPI Ugaoko Eskola IPI, Emahotz alkartea, Etorki Dantza Taldea, Gure Esku, Harile kultur alkartea, Sarea Abesbatza eta Asier Peña, Udaleko Euskara eta Kultura zerbitzuakaz batera.