Athleticek bolada onari eutsi gura deutso San Mamesen

Ander Herrera izango da gaurko baja bakarra Gironaren aurkako partiduan

Athleticek garaipen bategaz amaierea emon gura deutso Ligako 25. jardunaldiari Gironaren aurka San Mamesen. Zurigorriek hiru puntuak lortzen badabez, Txapeldunen Ligako lehian jarraituko leukie, Reala eta Betis moduko aurkariak urrun mantenduta. Norgehiagoka 21:00etatik aurrera izango da, Sanchez Martinez epaile lanetan eta Melero Lopez VARean. Valverdek jokatzeko prest izango ditu Nico Williams, Gorka Guruzeta, Dani Vivian, Oihan Sancet eta Aitor Paredes. Ander Herrera -lesino batekin iskiosuralean- lesionatuta dagoan jokalari bakarra da. Mikel Jaureguizar ez da deialdian sartu, atzo Bilbao Athleticegaz Deportivo Alaves B-ren aurkako garaipenean 90 minutuak jokatu ondoren.

Bolada onean jarraitu gura dabe

Lehoiek etxean sendo jarraitu gura dabe eta zazpigarren garaipena jarraian lortu (bederatzigarrena segiduan, Kopa kontuan hartu ezkero). Ancelottiren taldearen aurkako porrota izan ezik, zurigorriek 9 garaipen eta bardinketa bi lortu dabez San Mamesen. Urriaren amaieran Valentziaren aurka berdindu ebenetik, bilbotarrek ez dabe puntu bakar bat be galdu etxean, Ligan egiten ari diran denboraldi bikainaren gakoetako bat.

Gironaren kontrako garaipena lortuta, Athletic laugarren tokian dagoan Atletico Madriletik puntu bira jarriko litzateke. Atzetik, Reala 6 puntura dago, Mallorcan 10 jokalariren aurka lortutako garaipenaren ostean, eta Betis, Ligako hurrengo aurkaria, 7ra.

Aurkariaren egoerea

Kataluniarrak Bilbora datoz Real Madrilen aurka (4-0) galdu eta gero. Etxetik kanpo 3 bardinketa besterik ez dabez izan Almeria, Reala eta Betisen kontra. Gainerako urteeratan, Sevilla, Granada, Vila-real, Cadiz, Osasuna, Rayo, Barça eta Celtaren aurka garaipenak izan dira. Guztira, jokoan egozan 36 puntutik 27  lortu dabez Montilivitik, hau da, jokoan dagozan puntu guztien % 75.

Bernabeuko porrotak, bigarrena jarraian Realaren aurkako bardinketaren ondoren (0-0), Real Madril liderrarengandik bost puntura itxi eban Michelen taldea. Baina Carlo Ancelottiren mutilek atzo Vallecasen lortutako bardinketaren ondoren, puntuen aldea murrizteko aprobetxatu leike, Katedralean irabazi ezkero 3 puntura jarrita. Michelek ezin izango ditu erabili zigortuta dagoan Yan Couto (bosgarren txartel horia ikusi eban Bernabeun) eta min hartuta dagozan Toni Villa, Blind, David Lopez, Jastin eta Joel Roca.

Hamaikako posibleak

Datu horreekaz, Valverdek gaur gauean aurkeztuko dauen hamaikakoak ez dau alde handirik izango: Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Galarreta, Prados; Iñaki Williams, Sancet, Nico eta Guruzeta. Gironan Gazzaniga; Arnau, Eric Garcia, Juanpe eta Miguel; Yangel, Aleix Garcia, Ivan Martin; Tsygankov, Savinho eta Dovbyk.

Partidua Murtziako Jose Maria Sanchez Martinez epaileak zuzenduko dau, Melero Lopezen laguntzeagaz VARean. Epaile honekin, Athleticek 10 garaipen, 3 bardinketa eta 8 porrot ditu; Gironak, barriz, garaipen 2, 7 bardinketa eta 7 porrot.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular