Martiaren 21ean aurkeztuko dabe Bakioko txakolinaren uzta barria

Txakolinaren aurtengo aitabitxia Alatz Bilbao sukaldaria (Bakea jatetxea) izango da
Igazko Bakioko txakolinaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Zaporearen doinua da San Jose jaiak iragartzeko aukeratu dan leloa, txakolinaren eta Bakioko kulturaren arteko lotura islatzeko asmoz. Martiaren 18tik 22ra bitartean ospatuko dira Bakioko San Jose jaiak. Txakolinaren uzta barria ezagutu eta probatzeko aukera ezin hobea izaten da jai honeen bueltan: bertako ekoizleen azokea, dastaketak, bisitak… Aurtengo egitarauak badakar nobedade bat: martiaren 19an Tabernaldeko frontoian egingo dan dastaketa herrikoia. Txakolin gorriaren jatorria eta ezaugarriak herritar guztiei azaltzea da ekimenaren helburua. Martiaren 20an (19:00etan) gazteenentzako txandea izango da, izan be, Esna Gazte musika taldeak kontzertua eskainiko dau Tabernaldeko frontoian.

Alatz Bilbao sukaldaria, Bakioko txakolinaren aitabitxi barria

Bakioko San Joseetako zita garrantzitsuena azoka izaten da, duda barik. Aurton be Bakioko txakolinaren uzta barria aurkeztuko dabe Zubiaurrealdean egokitutako salmenta postuetan martiaren 21ean. Ganera, 12:30ean ekitaldi nagusia egingo dabe, uztaren inguruko zehaztasunak emoteko. Betiko brindisa egingo dabe aurtengo txakolinaren aitabitxiagaz batera: Alatz Bilbao sukaldaria. Mungiako Bakea jatetxean tradizinoa eta barrikuntzea egiten dauan eskaintzeagaitik ezaguna, Michelin izarra emon barri deutse.

Bertako txakolina ezeze, beste hainbat ardao ezagutu ahal izango dabez azokara hurreratzen diranek. Hain zuzen be, bigarren urtez ardao atlantikoen erakusleiho izango da Bakio. Kokapen geografikoak, lurraren ezaugarriek eta itsasoaren gertutasunak berezitasuna emoten deutse Bakioko txakolinari. Nortasun eta freskura handiko edaria eta ardao atlantikoen korrontean sailkatu dabe adituek.

Eskualdeko produktuak be bai

Martiaren 21eko azokea Bakioko eta eskualdeko nekazarien produktuak erakusteko hitzordua be izango da, baita herriko abeltzainen eta artisauen produkzinoa be. Barazkiak, eztia, ogiak, gozoak, taloak… danetik egongo da. Zubiaurrealdeko jai eremuan karpa bi jarriko dabez, bata txakolin postuetarako eta bestea eskualdeko produktu eta animaliak erakusteko. Artisauen gunea frontoian egongo da, Arte Ta Parte alkartearen laguntzaz atonduta. Aurton ez da abelgorri edo behi-aziendarik egongo erakusketan, Eusko Jaurlaritzak osasun erizpideak ezarri dauazalako. Idi-probarik be ez da egongo, eta horren ordez herri kideolak eskainiko dabez probalekuan, martiaren 19an.

Bakioko Txakolin Museoan be izango dira ekintzak. Hilaren 19an bisita gidatua egongo da, eta 22an, barriz, San Josetan ohikoa dan lez, ardaoak probetako saioa izango da. Ekitaldi bietarako Txakolingunean emon beharko da izena aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00