Burua altzau ezinik (2-0)

Athleticeko jokalariak ez dira Getaferen atera jaurtiketa bat bera be egiteko gauza izan
Getafeko jokalariak nagusi izan dira borroka guztietan / Athletic Club

Athletic zaleok denporaldiko ez dakit zenbatgarren desilusinoa jaso dogu Getafen. Gironan porrot mingarria jaso ostean, Valverderen taldeak burua altxau eban Betis menderatuta Katedralean. Bederatzi jardunaldiren faltan, zuri-gorriek zabal-zabalik eukiezan Europarako ateak. Getafen ikusitakoa ikusita, baina, Europa berbea aitatze bakarrik be, bertigoa emoten dau. Izan be, Bordalasen taldearen aurka erakutsitako joko eta sendotasun eskasagaz, Athletic ez doa inora. Partiduak itxi dauen albiste on bakarra, Yeray Alvarez barriz jokatzen ikusi dogula elastiko zuri-gorriagaz. Barakaldokoak partidua amaitu osteko adierazpenetan aitortu dauan lez, Getafe Athletic baino gehiago izan da arlo guztietan, erasoan, defentsan eta lehia guztietan.

Estadistika batek argi eta garbi erakusten dau zelako partidu eskasa egin dauen Athleticek Getafen. Izan be, zuri-gorriek behin be ez dabe jaurti aurkariaren atera, eta, jakina, atera jaurti ezean ezinezkoa da golen bat sartzea eta ondorioz irabazteko aukerak izatea. Bordalasen taldearen ganean esan geinke, oso ondo egiten dauela dakiena: atzean sendo aritu eta aurrealdean gol aukerak baliatu. Ganera, partidu honetan ezin dogu esan Getafek falta piloa egin dauanik edota denporea galdu dauanik.

Zer azaldu gitxi euki dau Getafeko Coliseumean jokatutako lehen mailako hogeta hamargarren jardunaldiko partiduak. Nico Williams, Yeray, Maroan eta Egiluz berreskuratu dauz Valverdek aspaldiko partez, eta Barakaldokoa, ganera, hasierako hamaikakoan zelairatu dau. Zuri-gorrien entrenatzaileak Vivian ipini dau eskoiko hegalean -Anoetan kopako partiduan egin eban moduan-, postu horretarako dituen jokalariengan konfiantza gitxi daukala erakutsiz. Zelai erdian, Rego ipini dau atzera be, Ruiz de Galarreta aulkian itxita. Iñaki Williamsek, Sancetek eta Berenguerrek osotu dabe hiruko lerroa, Guruzetaren atzetik. Kontuak kontu, hamaikako sendoa eta indartsua zelairatu dau Valverdek, seguruenik Getaferen jokatzeko estiloari aurre egiteko.

Lehenengo minutuetan ez da ezer gertatu. Borroka handia jokaldi guztietan baina joko gitxi, hamalaugarren minutuan Satrianok etxeko taldearen lehen gola sartu dauen arte. Erdiraketa bat eskoiko aldetik eta Vazquezek bakar bakarrik egin dau errematea buruz baina, Unai Simonek erantzun ederra emon deutso. Haren aldaratzea, baina, Satrianok baliatu dau baloia sareetara bialtzeko. Hamahiru minutu beranduago heldu da zuri-gorrien erantzuna, baina Berenguerren burukadea kanpora joan da ate guztia berantzako eukala.

Ordurako, Valverdek berotzeko ariketak egiten ipini ditu Nico Williams eta Ruiz de Galarreta. Rego eta Guruzeta geratu dira kanpoan atsedenaldian. Gogotsu ekin deutsoe zuri-gorriek bigarren zatiari. Williams anaia gazteak jokaldi pare bat egin dauz ezker hegaletik eta bazirudien Athletic gauza izango zala markagailua iraultzeko. Espejismo hutsa izan da. Bigarren zati osoan baloiaren jabetzea zuri-gorriena izan bada be, nagusitasun horrek ez dau ezelango eraginik euki. Izan be, Getafek eroso egon da beti eta ez dau arazorik euki aldeari eusteko. Ganera, bigarren gola be sartu dau partiduaren azken minutuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00