Leioako Waterpolo taldeak harrobiko jokalariakaz egingo dau debuta etxean

Leioaztarrek EW Zaragoza hartuko dabe zapatu honetan etxeko lehen partiduan
Ligako lehenengo partidua Alcorcon eta Leioa Waterpolo taldeen artean / Leioa Waterpolo

Leioa Waterpolo taldeak Zaragozako Waterpolo Eskola hartuko dau zapatu honetan. Leioaztarrak aldaketa asko daukiez taldean denporaldi honetarako, eta denporaldiko lehen puntuak lortu nahi dabez Lehen Mailan.

Denporaldi honetan Leioa Waterpolok aldaketa ugari izango dauz aurrekoagaz alderatuta. Aldaketa oso garrantzitsuak izan dira, eta ondorioz, Sakonetako eskolan trebatutako jokalariz osatutako Leioa itxiko dabe, Estaduko waterpoloan ezohiko gertaerea.

Aldaketa horreek aulkian hasiko dira; izan be, Jon Lopezek taldea zuzenduko dau barriro, azken bi denporaldietan taldeko entrenatzailea izan dan Gorka Sanchezen lekukoa hartuta.

Plantillan be aldaketa asko. Alde batetik, leioaztarrek baja garrantzitsuak ditue denporaldi honetarako: Garazi del Valle, Alaitz Ibarrola, Ane Arana, Erika López-Pastor, Dafne Bartolome eta Miren Urizar. Gainera, Ane Jaimek, Marta Jaimek eta Ane Garciak ezin izango dabe ikastaroko partidu guztietan parte hartu, errazoi akademikoengaitik.

Jon Lópezek, barriz, hiru leioar berreskuratu dauz, hainbat proiektutan ibili ondoren. Aida Bartolome beteranoa bere etxera itzuli da 10 denporaldiren ostean, eta Garazi Capel eta Irati Cortijo gazteak AESEtik eta AEBetako abenturatik itzuli dira, hurrenez hurren.

Aldaketa asko, beraz, Leioa Waterpolorentzat, estruktura barrira egokitzen joan beharko baitau, aurreko denporaldietako mailari eutsi eta Lehen Mailako proiektuari eutsi ahal izeteko, denporaldiko klasikoetako bat baita.

Jon López (Leioa Waterpoloko entrenatzailea): “Erronka baten aurrean gagoz taldearentzat eta gure harrobiarentzat”

Entrenatzaile leioaztarrak argi dauka taldearen helburua. “Kategoria horretan jarraitzea lortu behar dogu lehentasun nagusi gisa. Ea lehenbailehen lorten dogun, jokalarien anbizinoari erantzun ahal izeteko “, esan dau. Era berean, denporaldi honetako erronkaren garrantzia nabarmendu dau hainbat mailaketan: “Erronka baten aurrean gagoz taldearentzat, klubarentzat eta gure harrobiarentzat. Taldea plantillaren egituran aldaketa izugarriak egitera egokitu beharko dalako. Eta gure harrobiarentzat, gure waterpolo eskolako % 100eko plantillarekin probauko dogulako. Erronka zoragarria da. “

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular