Sondikako Udalak AuzoTaxi zerbitzua jarri dau martxan gaurtik aurrera, auzoetan bizi diran herritarren joan-etorriak errazteko eta herriguneagaz daukien loturea indartzeko. Diruz lagundutako taxi zerbitzu barri honen bidez, Udalak lurralde-orekea, irisgarritasuna eta mogikortasun jasangarria sustatu gura dau, batez be, adinekoen, familien eta mogikortasun arazoak daukiezan personen mesedetan.
Zerbitzua urte osoan egongo da martxan, abuztuan be, astelehenetik domekara, goizeko 07:30etatik arratsaldeko 20:00etara. Bidaiak Sondikako taxilariek egingo ditue, FEMADE taxi alkartearen eta Udalaren arteko akordioari esker. Naia Landa alkatearen berbetan, “AuzoTaxi zerbitzuagaz pausu barria emoten dogu Sondika irisgarriago eta konektatuago baten alde. Zerbitzu honek auzoetako herritarren egunerokoa erraztuko dau, mugikortasun aukera eroso, jasangarri eta eskuragarri bat eskainiz”.
Auzoetako bizilagunentzat eta salbuespen egoerentzat
AuzoTaxi zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileak Sondikan erroldatuta egon beharko dau eta Artxanda, Sangroniz, Asua-Landa, Berreteaga Bidea edo Aresti-Izartza-Bereza inguruan bizi. Halan da be, salbuespen egoerak be kontuan hartuko ditu Udalak. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna edo mendekotasuna daukien pertsonek, eta aldi baterako mogikortasun urriko egoeran dagozanek, zerbitzua erabili ahal izango dabe beharrezko dokumentazinoa aurkeztuta, auzo horreetan bizi ez arren.
12 euroko bidaia, 3 euroan
Zerbitzua erabiltzeko lehenengo AuzoTaxi txartela eskatu beharko da udaletxean edo egoitza elektronikoaren bidez. Txartelaren jaulkipenak euro bateko kostua izango dau. Behin txartela eskuratuta, erabiltzaileek 16 bonuko sortak erosi ahal izango ditue.
Tarifa orokorrean, sorta bakotxak 48 euro balio dau, hau da, bidaia bakotxa 3 euroan geratzen da. 16 eta 25 urte arteko ikasleentzat, barriz, 32 euroko bonuak egongo dira eskuragarri, bidaia bakotxa 2 euroan egiteko.
Udalak azaldu dauanez, bidaia bakotxaren benetako kostua 12 eurokoa da, eta erabiltzaileak ordaintzen ez dauen zatia Udalak berak hartuko dau bere gain. AuzoTaxi eskatzeko, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen egin beharko da erreserbea, telefonoz edo WhatsApp bidez, 94 480 09 09 zenbakira deituta. Larrialdi kasuetan, barriz, 30 minutuko aurrerapenagaz be eskatu ahal izango da zerbitzua. Ekimen honen bidez, Sondikako Udalak udalerriko auzoen eta herrigunearen arteko loturea indartu eta mogikortasun jasangarriagoa bultzatu gura dau.