Bagilaren 1etik aurrera Bilbora zuzenean doan Bizkaibuseko linea Muntsaratzen geratuko da

Abadiñarren eskari historikoa izan da
Edurne Maguregi eta Mikel Urrutia / Bizkaia Irratia

Abadiñoko Udalak jakitera emon dauanez, Bizkaiko Foru Aldundiak Muntsaratzeko geltokia Bizkaibuseko A3923 linearen ibilbide guztietan sartzea onartu dau. Linea horrek Bilbo eta Elorrio lotzen dauz autobidetik. Orain arte Muntsaratzetik igarotzen zan arren, autobusek ez eben geldiarik egiten. Behin hau onartuta, aldaketa bagilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.

Eskari hau historikoa da. Horren adibide dira Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz egindako bilera guztiak, eta baita igazko udabarrian jaso ebezan 500 sinadurak be. “Udalak igazko urte hasieran eskatu eban geldialdi hori egiteko, Muntsaratzeko herritarren aldetik benetako eskaerea egoala iritzita. Hasiera baten, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaera atzera bota eban, geldialdi hori gehitzeak zerbitzua okertuko ebala argudiatuz. Halanda be, Abadiñoko Udalak behin eta barriro eskatu ostean eta erakunde bien arteko bileren ostean, Aldundiak aldaketa egitea onartu dau”, azaldu dau Mikel Urrutia alkateak.

Aldaketa horregaz, Bilborako ibilbide zuzenenak —001 BIlbo-Durango-Elorrio (autobidea) eta 004 Bilbo-Durango-Elorrio-Arrasate (autobidea) lineak— Muntsaratzen egingo dabe geldialdia, noranzko bietan. Abadiñoko Udalak positibotzat jo dau zerbitzuaren hobekuntzea. Halanda be, Bizkaibuseko aurreproiektuak herriak egindako hainbat eskaera jasotzen ez dauazala adierazo dabe, eta Udalak alegazino batzuk aurkeztu dauazala jakin eragin dau. Besteak beste, A3911 linea eskola orduetan indartzea, Zelaietako eta Muntsaratzeko ikasleek Traña-Matienako institutura joateko izaten dabezan arazoak dirala eta; Durangaldea Zamudioko Parke Teknologikoagaz eta Loiuko aireportuagaz hobeto lotzea; San Blas azokan errefortzu bereziak jartzea; eta astegoienetan Bizkaibusen gaueko zerbitzua zabaltzea, ibilgailu pribaduaren erabilera murrizteko eta gazteen mugikortasuna errazteko. Era berean, Bizkaibusen proposamen barriak Zabalburu eta La Casillako geralekuak kentzen dauazala ikusita, Durangaldea eta Bilbo lotzen dabezan lineetan geraleku bi horreek mantentzeko eskatu dau Abadiñoko Udalak. “Lanean jarraituko dogu Abadiñok eta abadiñarrek garraio publiko duin bat izateko”, gaineratu dau Edurne Maguregi alkateordeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00