Amorebieta-Etxano dagoeneko murgilduta dago Karmengo jaiak prestatzeko lanetan. Musikak barriro be protagonismo berezia izango dau Zornotzako udako ospakizunetan, eta Udalak gaur goizean aurkeztu dau garagarrilaren 15etik 27ra bitartean ospatuko dan jaien egitaraua. Guztira, 20 kontzertu eta emonaldi baino gehiago izango dira, rocka, popa, erromeriak, DJ saioak eta kale animazinoa buztartuz.
Karmengo jaietako kontzertu nagusiak Zubiondo eta Zelaieta guneetan izango dira. Oholtzara igoko dira, besteak beste, El Drogas, Chenoa, Latzen, Neomak, Ruper Ordorika eta Süne. Musika eskaintza ez da horretara mugatuko; jai-giroa sustatzeko emonaldiak be izango dira, Oxabi, En Esenzia eta euskal zein mexikar erritmoak batzen dituan Txapela Brava taldearen eskutik. Aurtengo egitarauan nabarmentzeko moduko ekitaldietako bat, Serafín Zubirik eta Zornotzako Musika Bandak Nino Bravoren omenez eskainiko daben kontzertua izango da.
Herritarren ekarpenakaz osotutako kartela
Herritarren ekarpenak be eragin zuzena izan dau aurtengo egitarauan. Izan be, kartelaren barruan dagozan bost emonaldi herritarrek igazko abenduan egindako inkestan proposatu edo aukeratutakoak dira. Aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu dau jaien helburua dala “herritar guztiak protagonista sentitzea, askotariko, inklusiboa eta kalidadezkoa dan egitarau baten bidez”. Aurkezpenean Koldo Bilbao Kultura zinegotzia eta kartela osatzen daben hainbat artista be izan dira.
Tokiko talentuarentzako lekua
Programazinoak tokiko artistei be protagonismoa emango deutse. DJ Rednal, Eztandap, Heitxi eta Jonkass izango dira oholtzetan, eta herriko kaleak eta plazak musikaz beteko dira Cris Orube eta Jess on Decksen Salseo Jaiak Show-arekin, Mister Kul DJren 90’s Jaia-rekin eta Panda’s Cover Gang zein Zo-Zongó taldeen kale emonaldiakaz. Aurtengo Txistu Alardeak, gainera, gonbidatu berezia izango dau: Iñaki Ortiz de Villalba Betagarriko abeslaria.