Galdakaoko Udalak martxan jarritako Sortzaileak Basora kultur ziklo barria eguen honetan hasiko da, Basoa Tabernan. Egitasmoaren helburua da herriko sortzaileei euren lanak publikoaren aurrean erakusteko gune hurbila eskaintzea, musika, literatura, bertsolaritza eta bakarrizketak lako diziplinetan.
Musikea nagusi lehen edizinoan
Lehen ziklo honetan musikak izango dau protagonismo nagusia. Maiatzaren 28tik ekainaren 18ra bitartean, eguenero saio bi egingo dira, 19:30ean eta 20:15ean. Oholtza gainetik pasauko dira 2 Musical Souls, The Noventones, Txinparta, David Luengas y los Rescatados, Rewinders Rock Band, Sergio and The Lovers eta Perejilek.
Udagoieneko programazinorako deialdia zabalik
Sortzaileak Basora ez da udabarriko egitarauagaz amaituko. Galdakaoko Udalak urrian be beste bost jardunaldi antolatuko ditu, hilaren 1ean, 8an, 15ean, 22an eta 29an. Horretan parte hartu gura daben artistek abuztuaren 31ra arte izango dabe euren proposamenak aurkezteko aukerea, kultura@galdakao.eus helbidera idatzita.
Egitasmoaren berezitasunetako bat kokalekua bera izango da: naturaz inguratutako Basoa Taberna. Espazio horrek publikoaren eta sortzaileen arteko hurbiltasuna sustatu gura dau, giro lasai eta atseginean. Emonaldiak barrualdean zein terrazan egingo dira, eguraldiaren eta saio bakotxaren ezaugarrien arabera.