Gure Fatima ontziak denporaldi honetako lehenengo hegaluzeak deskargau ebazan atzo Burelan, Galizian. Arraina Ozeano Atlantikoan harrapautakoa izan da, Azoreetako uharteen ipar-ekialdean eta Finisterretik 500 itsas milia baino gehiagora —900 kilometro inguru— hego-mendebaldera.
Bermeoko ontzi hau apirilaren 28an itsasoratu zan, eta lau astetik gorako kanpainearen ostean Burelako portura ailegau zan, 2.100 kilo hegaluze ekarrita. Kopuru txikia da hori, eta ez dauz arrantzaleen itxaropenak beteten, are gitxiago Ekialde Ertainean piztutako gatazkearen ondorioz erregaiaren prezioa izugarri garestitu danean.
Arrainaren prezioa, salgai jarritako aleen tamainuaren eta kalidadearen araberakoa izan da. Lau kilotik gorako 1.400 kilo 9,62 euroko batez besteko prezioan ordaindu ziran, eta gehienez, kiloko 17 eurora ailegau ziran. Zazpi kilotik gorako atunak kiloko 15,73 euroko batez besteko prezioan saldu ziran; 4 eta 7 kilo arteko arrain-partidak, barriz, kiloko 9,37 euroan.
Beste alde batetik, lau kilotik beherako 700 kilo hegaluze txiki kiloko 6,09 euroan ordaindu ziran. Guztira, deskargautako arrainaren batez besteko prezioa kiloko 8,73 eurokoa izan zan. Gure Fatima ontzia barriro itsasoratu zan deskarga-lanak amaitu eta gasolioz, janariz eta urez hornidu ostean.
Prezio horreek iazko maiatzaren 12an denporaldi honetako lehenengo hegaluzeek Avilesen lortutakoak baino nabarmen txikiagoak dira. Orduan, Bermeoko Goienkale arrantza-ontziak deskargautako 100 kiloko partida bat kiloko 120 eurotik gorako prezioan ordaindu zan.