Elorrioko Udalak Fytasaren lursaila eta azpiegiturak erosi dauz

Udalak "epe ertain-luzerako inbertsino estrategiko lez" definidu dau operazinoa
Fytasa enpresea egon zan eraikinaren gaur eguneko argazkia / Elorrioko Udala

Elorrioko Udalak Fytasaren lursaila eta instalazinoak erosi dauz. Operazino horren bidez, Udalak bere egin dau urte luzez abandonauta eta degradazino egoeran egon dan eremu bat, eta aukera barri bat zabaldu dau herriaren erdigunean kokatutako espazio hori berreskuratzeko, birgaitzeko eta etorkizuneko beharrei erantzuteko. Erosketa prozesua bagilean amaitu da, eta operazinoaren prezioa 345.000 eurokoa izan da.

Fytasa fundizino nodularrak 96 urteko ibilbidea izan eban, eta 2011n itxi ebazan ateak behin betiko. Ordutik, instalazinoak erabilerarik barik egon dira, apurka-apurka hondatuz. Plan Orokorraren barrikuspenaren testuinguruan, udal gobernuak argi izan dau hasieratik eremu horrek ezin dauala industria-erabilerari lotuta segidu. Herriaren erdigunean dagoan kokapenak eta daukazan metro koadroek aukera emoten dabe etxebizitzakaz, ekipamenduakaz eta herritarren behar barriakaz lotutako etorkizuneko erabilerak aztertzeko.

Hurrengo urratsak

Elorrioko Udala dagoeneko hasi da hurrengo pausuak lantzen. Ingurumen sailagaz hartuemonetan egon da Eusko Jaurlaritzan, eta kutsadura kentzeko prozesua martxan jarriko dauan enpresea kontratau dau. Lehenik eta behin, bulegoen eraikina ahalik eta azkarren eraisteko asmoa dago, premiazko prozedura baten bidez. Izan be, gaur egun pertsonak modu irregularrean sartzen dira eraikinera, eta egoerea arriskutsua da. Ostean, gainerako pabiloiak eraitsi eta deskontaminatzeko lanak egingo dira.

Era berean, Udalak eremuaren urigintza-kalifikazinoa aldatzeko prozesua be abiatu dau, gaur egungo industria-erabileratik bizitegi-erabilerara igarotzeko. Hori guztia epe ertain/luzeko proiektu baten barruan kokatzen da, helburu argi bategaz: degradatutako eta kutsatutako espazio bat berreskuratzea, herriaren erdigunean aukera barriak sortzea eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko bidea irekitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00