Rayo Vallecanoren eta Athleticen arteko partidua bertan behera iztea erabagi dau Jose Maria Sanchez Martinez epaileak poliziaren gomendioari kasu eginez. Hamahirugarren minutuan Alex Berenguer korner bat ataratzen joiala, Rayoko zaleak paperezko hegazkinak eta gomazko bola piloa jaurti ditue zelaira Martin Presa, euren hasarrea azaltzeko Martin Presa klubeko presidente eta jaubearen kudeaketeagaz. Epaileak partidua etetea erabagi dau jokalarien segurtasuna arriskuan egoala ikusita.
Hamar minutu beranduago jokalariek partiduari berrekin deutse baina handik gitxira epaileak barriro eten behar izan dau Rayoko zaleek barriro jaurti dabezalako paperezko hegazkinak eta gomazko pelotak. Protokoloari jarraituta, Sanchez Martinezek aldageletara bialdu ditu jokalariak eta argi itxi dau barriro jazo ezkero bertan behera itxiko ebala partidua. Ordu biak izateko hogei bat minutu geratzen ziranean itzuli dira talde bietako jokalariak zelaira partiduari berrekiteko.
Rayo Vallecanoko zaleek, ostera, ez deutse jaramonik egin bere jokalarien eta klubaren erreguei eta barriro jaurti dabez hegazkinak eta bolak zelaira. Sanchez Martinez epaileak poliziako arduradunagaz berba egin, eta talde bietako entrenatzaile eta ordezkariak deitu ditu partidua bertan behera itziko dauela iragarteko.
Kontuak kontu, hamahiru minutu baino ez dira jokatu Rayo Vallecano eta Athleticen arteko partiduan. Orain, talde biek eta Futbol Profesionalaren Ligak adostu behar dabe noiz jokatuko dan norgehiagoka. Leitekeena da bihar bertan jokatzea eta leitekeena da baita, ateak itxita jokatzea.