2024ko barririk onenak eta txarrenak zehazteko eskatu deutsegu gure tertulia kideei. Imanol Alvarezek, Jasone Aretxabaletak eta Karmelo Landak euren aukeraketea partekatu dabe Goizeko Izarretan saioko urteko azken tertulian. Albiste txar moduan Gazako sarraskia aitatu dabe hirurek. “Ze porrot handi, ze jarrera lotsagabe eta ze pena NBEarena. Ez dira gai izan Gazan ezer egiteko” esan dau Jasone Aretxabaletak. “Nazinoarteko zuzenbide arauen erabateko hondoratzea izan da Gazan gertatzen dabilena. Tamaina oso handiko arazoa daukagu” gaineratu dau Karmelo Landak.
Jasone Aretxabaletari 2024an poztasunik handiena emon deutson albistea Athleticen Kopa garaipena izan da. “Txarto ohitzen gabilz, sufridu barik larregi irabazten gabilz, horrek apur bat kezkatzen nau” esan dau Aretxabaletak. Imanol Alvarezen eretxian barri ona be bada pentsinoak KPIaren arabera igoten jarraitzea eta gitxieneko soldatea igon izana. Karmelo Landak herrigintzeari eta euskalgintzeari buruz jardun dau berbaz. “Euskal Herrian mogimendu barrituak ikusten dodaz. Etxea eta mundua etxetik antolatzen hasi behar gara” zehaztu dau Landak.