Zemendiaren 15ean hasiko da 44. Bilboko Txotxongilo jaialdia, txotxongilo eta objektu antzerkiari eskainitako ekitaldia. Estaduko ekitaldirik zaharrenetakoa da. 9 egunez, hilaren 23ra bitartean, antolatzaileek 30 emonaldi programau dabez Bilbon eta Bizkaiko zortzi herritan. Hortaz ganera, ekitaldi paraleloak be egingo dira: erakusketak, zuzeneko pintura tailerrak, parte-hartze saioak edota Kulturen Museo Ibiltaria.
Josu Kamara antolatzaileak azaldu deuskunez, 14 konpainia izango dira aurten jaialdian. Euskal Herrikoak ezeze, estaduko beste autonomia erkidego batzuetakoak —Valentzia eta Katalunia— eta nazinoartetik etorritakoak be izango dira. Honeen artean, nabarmendu, Zurrunka talde euskadunak Txio Txinela obrea estreinauko dauala.
Bilboko Txotxongilo jaialdiaren egoitza nagusia, beste behin, Otxarkoagako Txotena gunea izango da. La Fundición aretoan, eta Bilboko Basurtu eta San Frantzisko auzoetan be izango dira emonaldiak, jaialdia auzoetara eroatearen aldeko apustua eginaz. Bilbotik kanpora be bai, Areatzan, Arrigorriagan, Basaurin, Derion, Ean (Natxituan), Lezaman, Larrabetzun eta Muskizen.
