Arratiako Koruak 75 urte bete dauz. Agate Deuna eta Aldaerak izeneko diskoa kaleratu dabe urteurrena ospatzeko. Areatzan eskeini eben zapatuan kontzertua, diskoa aurkezteko. 1951. urtean sortu zan Arratiako Korua. Garazi Navas, gaur eguneko zuzendariak azaldu deuskunez, koru bi egozan Arratian garai hartan eta batzea erabagi eben. 75 urteko ibilbidean gorabehera batzuk egon badira be, osasuntsu dago gaur egun korua, 50 kide baino gehiago dagoz. Agate Deunari abestea izaten da urte guztietan ohiturea. Horretarako, urri inguruan hasten dira ensaietan. Areatzen izaten dira ensaioak zapatuetan. Galdakao eta Zornotzara joaten be hasi ziran eta aspalditik Bilbora be etorten dira kantuan.
Hamazazpi pieza
Koruak 50 urte bete ebazanean, liburua eta disko txikia kaleratu ebezan. Oraingo honetan, hamazazpi pieza daukazan diskoa argitaratu dabe, Agate Deuna eta Aldaerak. Salaberri, Aita Donostia edo Intxaustiren aldetik egindako moldaketak batu dabez diskoan. Konpositore klasikoen lanak euskeratuta be badagoz bestelako piezen artean. Larraitz Navas sopranoa, Ignacio Arakistain organistea, Simon Arriola perkusionistea edo Garazi Navas bera, akordeoilaria dira koruko kideakaz batera diskoa grabau dabenak. Ane Arsuagarena da diskoaren diseinua. Arsuagak, koruaren irudi barria be sortu dau. Agate Deuna eta Aldaerak diskoa online entzun daiteke gaurtik SoundCloud platafoman. Disko fisikoa be argitaratu dabe, 500 kopia. Honeek, koruko kideen artean banatuko dabez lehenengo eta geratzen direnak zelan banatu ez daukie argi oraindino.
