'269 in memoriam' omenaldia egingo dabe zapatuan Zallo hilerrian

Urteurrenaren harira, Pipergorri Kultur Alkarteak memoria eta historia ekitaldiak antolatu ditu

86 urte bete dira Gernikako gerra-presoen ospitale militarra itxi zanetik

Amagoia Lopez de Larruzea, Pipergorri Kultur Alkarteko kidea eta proiektuaren koordinatzailea / Bizkaia Irratia

Gernikako gerra-presoen ospitale militarraren 86. urteurrenaren harira, ekitaldi desbardinak antolatu ditu Pipergorri Kultur Alkarteak aste honetarako. Hori dala eta, Amagoia Lopez de Larruzea Pipergorri Kultur Alkarteko kide eta proiektuaren koordinatzaileagaz egin dogu berba. Lopez de Larruzeak Gernikako gerra-presoen ospitalearen ganean egin deusku berba: “Ospitalea 1938an zabaldu eta 1940an itxi eben. Urte bi horreetan 269 lagun hil ziran bertan, gehienak turbekulosia dala eta”.

Esan dogunez, ekitaldi ezbardinak antolatu dabez urteurrena gogoratzeko. Hasteko, Joseba Eceolazak Las voces de la República liburua aurkeztuko dau eguaztenean Kultur Etxean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Idazlan honetan, Eceolazak azaltzen dau ahanzturaren mitoaren aldean, ahots honeek erakusten deuskuela familia asko ez zirala isildu halan erabagi ebelako, baizik eta beste modurik ez ebelako euki aurrera egiteko. Bestalde, Carlos Iglesiasen La bala pelikula proiektauko dabe barikuan, arratsaldeko 20:00etan, Lizeo Antzokian. Benetako jazoeretan oinarritutako pieza honetan memoria historikoa eta familia barruko sekretuak buztartzen dira.

Beharbada, prestautako egitarauaren hitzordurik garrantzitsuena zapatukoa izango da. 269 in memoriam ekitaldia egingo dabe, 11:30etatik aurrera, Zallo hilerrian. Azken presoa, Benito Fernandez Gonzalez asturiarra, bagilaren 3an hil zan. Egun horren bueltan, gerra-presoen ospitale militarrean hildako 269 lagunei egingo jake omenaldia. Ganera, familia batzuk omenaldira joango dira eta parte-hartze berezia eukiko dabe ekitaldiaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00