Haurren gaixotasunak ikusarazo, familiei babesa emon eta gaixotasun horren alde lan egiten daben alkartei alkartasuna emotea dira helburuak

Helmugak proiektuko kideek Samatze, Eskuila, Kortes eta Lanestosa arteko kilometroak egin dabez bizikletaz astegoienean

900 kilometroko erronka solidarioa, Euskal Herriko lau puntu kardinalak lotuz

Ander Txakartegi / Helmugak

Helmugak proiektuko kideek, Ander Txakartegi berriatuarra buru dala, Euskal Herriko lau puntu kardinalak bizikletaz lotu dabez. Ekainaren 12an (15:30ean) atara ziran Berriatuatik, eta ekainaren 15era heldu ziran etxera, Samatze (iparraldea), Eskuila (ekialdea), Kortes (hegoaldea) eta Lanestosa (mendebaldea) herriak lotu ostean.

Lau Haizetara irratsaioan Ander Txakartegik azaldu dauanez, 900 kilometro baino gehiago egin dabez bizikletaz, ia 10.000 metroko desnibel metatuagaz eta 35 ordu inguru igaro dabez pedalei emoten. Ez da lehenengo aldia holango erronkei aurre egiten deutsiena. Izan be, 2008tik hona, hainbat ekimen garatu dabez helburu solidarioagaz. Urte birik behin, jaialdia antolatzen dabe (2026an izango da hurrengoa) eta tarteka, erronkak egiten dabez. Azkenengoa, astegoienean.

Helmugak proiektuaren helburua haurren gaixotasun arraroen aldeko alkartasuna piztea da. Ume gaixoen errealidadea gizarteratu gura dabe, eta euren senidei babesa eta berotasuna eskaintzea. Era berean, haurren gaixotasunen alde lan egiten daben alkarte guztiei be alkartasuna emoten segidu gura dabe. Txakartegik aurreratu deuskunez, Helmugak proiektuak jarraipena izango dau eta urtea amaitu orduko, hurrengo erronka solidarioa egingo dabe. Eta 2026an Berriatuan “jai potente” bat ospatzeko lanean be badabilz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00