Zabalik dago 2025. urteko EuskarAbenturan izena emoteko epea. Abenduaren 2an zabaldu zan eta martiaren 5era bitartean luzatuko da. 2008 eta 2009 urteetan jaiotako Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldunek emon leikie izena. 2010. urtean jaiotakoek be aukerea daukie izena emoteko baina bakarrik Lapurdi, Baxe-Nafarroa, Zuberoa edo diasporako gazteak badira. Guztira, 127 gaztek hartu ahal izango dabe parte datorren urteko EuskarAbenturan. Seigarren edizinoa izango da hurrengoa eta antolatzaileak oso pozik dagoz orain arte izandako erantzunagaz. Alaitz Elizburu koordinatzaileak esan deusku gazte gehiagok parte hartu ahal izatea lortu gura dabe.
Hiru gai
15, 16 eta 17 urte arteko gazteek emon leikie izena. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu behar dabez proposatutako gai baten inguruan. Beldurrak, gizarte indibidualistea edo kolektibistea eta klima aldaketea dira aukeratutako gaiak aurten. Gazteakaz adostutakoak dirala esan daiteke.
www.euskarabentura.eus webgunean aurkeztu daitekez proposamenak martiaren 5era bitartean. Elizbururen esanetan, gehienek margo-lanak aurkezten dabez. Proposamen guztien artean 127 aukeratuko dira. Hautatzeko orduan, proiektuaren balorazinoaz gain, gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan agertutako motibazinoa hartuko dira kontuan. Maiatza hasierarako jakingo da nortzuk osotzen daben behin-betiko zerrendea. 2025. urteko garagarrilean, Euskal Herria zeharkatuko dabe oinez eta euskeraz.