
Udabarriko Janari Bilketa handia egingo dau Bizkaiko Elikagaien Bankuak gaur eta bihar. Denda eta supermerkadu desbardinetan ia 3000 boluntario ibiliko dira janaria batzen. Konserbak, lekaleak, pasta, arroza, olioa… haurrentzako janaria eta pardelak… Luisa Puertas Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak azaldu deuskunez, produktuak emoteaz gain, badago diruz laguntzeko aukerea be. Dendara joaten garenean, ordaintzerakoan, dendariari esatea besterik ez dago zenbat euro emon nahi diren Elikagaien Bankuarentzat.
Igaz lortutakoa errepikatzeko itxaropena
Igaz Bizkaiko Elikagaien Bankuak 135 mila kilo janari eta 250 mila euro lortu ebazan Udabarriko kanpainan. Puertasek esan deusku, aurten, gitxienez kopuru horretara heltzea gurako leukiela. Momentu honetan, Elikagaien Bankuan erreserba oso gitxi daukie. Egunotan aipatutako kopurua lortuko balitz, gitxi gorabehera uda amaierararteko beste eukiko leukie. Bataz beste, 10 kilo emoten jakoz beharrizana daukien familiei hilero. Boluntarioen lana azpimarratu dau Luisa Puertasek. Lan hori egiten dau berak be, eta sortzen dan giroa eta jasotzen dan alkartasuna hunkigarria dala aitortu dau. Bizkaiko Elikagaien bankuari urtean zehar be lagundu leikio. Web orrialdean dator laguntzeko erea. Basaurin dauka egoitzea bankuak eta bertara be joan daiteke laguntza eskaintzera edo boluntario lana egitera.