12 eta 17 urte arteko neska mutilek hartu leikie parte

Basque Culinary Center eta Ausolan dira antolatzaileak

Abian da seigarren Sukaldean Sortzaile lehiaketea

Sukaldean Sortzaile lehiaketea / Bizkaia Irratia

Abian da Basque Culinary Centerrek eta Ausolanek antolatutako Sukaldean Sortzaile lehiaketaren seigarren edizinoa.
Hego Euskal Herriko 12 eta 17 urte arteko neska-mutilek hartu leikie parte lehiaketa honetan. Orain artekoetan bizkaitarrak izan dira parte-hartzaile gehienak. Urriaren 2an hasi eta zemendiaren 4ra bitartean, bideo-errezetak egin behar dabez. Maitane Gonzalezek, Basque Culinary Centerreko Culinary Clubeko kideak azaldu deusku zelan sortu zan Sukaldean Sortzaile lehiaketea. Gastronomiak gure kulturan daukan garrantzia gogoratu eta gazteak errezeta osasungarriak egitera animatzeko asmoz hasi ziran hain zuzen. Parte-hartzaileek aitona-amonen errezeta tradizionaletan oinarritutako errezetak egiteaz gain, bide batez, belaunaldien arteko hartuemona be bultzatu nahi da. Lehiaketaren bultzatzaileek ikastetxeetan aurkeztu dabe ekimena. Honeetan, 2-3 ikasleko taldeak sortzen dira adin tarte bitan; 12-14ra urterartekoak batetik eta 15-17ra bitartekoak bestetik. Sortu behar daben bideoan errezetaz gain gauza gehiago be azaldu behar dira; errezetaren jatorria zein dan azaldu behar dabe.

Faseak

Hiru fase daukaz lehiaketeak. Lehenengo fasean, publikoaren erantzuna ikusiko da, bideoak zenbatek ikusten dabezan hartuko da kontuan. Bigarren fasean, eskolek emon beharko dabe eritxia eta azkenik antolatzaileek emongo dabe euren epaia. Finala, abenduaren 13an izango da Basque Culinary Centerren. Maitane Gonzalezek dinosku oso berezia izaten dala egun hori. Finalera, aitona-amonak joatera gonbidatu dauz, heltzen diren hiru taldeek errezetea zuzenean zelan egiten daben ikustera. Sukaldean Sortzaile lehiaketea irabazten dauan taldearentzat saria, gelakide guztientzat izango da; Basque Culinary Centerreko Culinari Clubeko tailer gastronomiko baten parte hartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00