Zerrendan agertzen diran EHUko kideek jakintza arlo guztiak ordezkatzen ditue

Stanfordeko unibersidadeak egiten dauan rankingean ikertzaile aitatuenen %2 dagoz

EHUko 224 ikertzaile dagoz munduan eragin handiena daukenen artean

Urtez urte hazten joan da Stanforden zerrendan jasota ageri dan EHUko ikerlari kopurua / DepositPhotos

Oraingoan Euskal Herriko Unibertsitateko komunidade ikertzailearen 224 kide ageri dira argitalpen zientifikoetan aitamen gehien daukezan ikertzaileen artean. Stanfordeko unibersidadeak urtero egiten dau Ranking of the World Scientists: World’s Top 2% Scientists zerrenda, eta aitatuenen %2 horreen artean gehitu egin dira EHUko ikerlarien izenak (igaz, 189 izan ziran). Euretariko bat Igor Calzada da. Hain zuzen be, Calzadagaz egin dogu berba gaurko Goizeko Izarretan irratsaioan.

2025eko datuetan oinarritutako ranking honetan agertzen diran guztietatik 166 ikertzaile seniorrak dira (2025ean 133 izan ziran). Kasu horretan, ikertzailearen lan-ibilbide osoan zenbat aldiz aitatu izan daben izaten da kontuan. Azken urteko zerrenda 2025ean jasotako aitamenei jagoke. Horretan EHUko 179 izen ageri dira (igaz, 157 izan ziran). Kategoria biak aintzat hartuta, bietan ageri dira EHUko 121 kide, igaz baino 20 gehiago.

Urtez urte hazten joan da Stanforden zerrendan jasota ageri dan EHUko ikerlari kopurua, euskal unibersidade publikoak urteetan zehar ikerketaren eta dibulgazinoaren kalidadearen alde egin dauan lanaren erakusle. Zerrendan agertzen diran EHUko kideek jakintza arlo guztiak ordezkatzen ditue: fisika, filologia, kimika, hizkuntzalaritza, informatika, ingeniaritza, ekonomia, osasun zientziak, hezkuntza edo kirola, besteak beste. Esaterako, gizarte zientzien esparruan dabilen ikerlaria da Calzada. Hain zuzen be, BizkaiaGarak antolatutako Gizarte digitalean parte hartu eta eragin jardunaldian berbaldia eskainiko dau Calzadak bihar, Ainhoa Lasagaz batera. Jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da Bilboko Erronda kaleko BBK eraikinako aretoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00