Aurtengoa, Augustin Zubikarai bekaren 25. edizinoa da. Sariketa urtero antolatzen dabe, alkarlanean, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak.
Aurkeztutako 25 lanean artean, Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osotutako epaimahaiak, Ekaitz Herrera kazetari abadiñarraren Hondar batean arre aukeratu dabe irabazle. Lanaren umorea, idazkera dotorea, alkarrizketen freskotasuna, erritmoa bizia eta hizkuntzagaz jolasteko trebezia azpimarratu dabez.
Ekaitz Herrerak kontau deuskunez, Hondarren batean arre lanak belaunaldien kontrastean dauka abiapuntua. Mattin, 60 urteko gizona, behartuta, ikasleen pisu batera bizitzera joango da. Kazetari abadiñarrak idatzi dauan lehenengo lana da honakoa. Aitortu dau ‘idazle’ etiketeari errespetuz begiratzen deutsala —ez dau hondino ezer argitaratu— eta egunerokoan kazetari moduan dabil Anboto tokiko hedabidean, erredakzino buru lez. Orain urtebeteko epea dauka nobelea idazteko.
Igaz, Durangaldeko beste herritar batek, Julen Apella berriztarrak, irabazi eban Augustin Zubikarai beka-saria. Berriztarrak urtebetean ondu dau Sakelako bihotzak eleberria.
Sari banaketa ekitaldia urriaren 24an egin eben, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan. Ekitaldian, igazko proposamen irabazlea —Julen Apellaren Sakelako bihotzak— be aurkeztu eben.
