Gaur estreinauko da Arriaga antzokian, La Dramatica Errante konpainiaren Adiorik Ez antzezlana. Maria Goiricelaya eta Ane Pikaza dira, La Dramatica Errante konpainiaren sortzaileak. Goiricelayak Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantan idatzi dau eta Patxo Telleriak egokitu euskerara Adiorik ez izenburuagaz. Bizitzaren azken momentuak dakarz lan honek taula ganera. Zainketa aringarriak eta ongi hiltzea dira ardatz. Goiricelayak Zentro Dramatiko Nazionalaren egonaldi baten sortu eban antzezlana 2021. urtean. Heriotza gai serioa dan arren, umoreak be badauka lekua antzezlan honetan.
Istorioa
Santi eta Ane Juaristi aita-alabak dira protagonistak, Patxo Telleria eta Ane Pikaza bera. Donejakue bidean zehar egiten daben bidaia baten alegoria bat da antzezlana. Bidean, medikuak, peregrinoak, aterpeetako kideak edo familia aurkituko dabe. Aitor Borobia, Egoitz Sanchez, Idoia Merodio eta Loli Astoreka aktoreak arituko dira Pikaza eta Telleriagaz batera. Antzezlanean zehar Donejakue bidean grabautako ikus-entzunezko materiala be ikusi ahal izango da. Estudio Gheadak eta Igor Garciak egindako materiala. Adiorik ez antzezlana APTENT barruko antzerki irisgarrien katalogoan sartzen da. La Dramatica Errantek antzerki inklusiboaren aldeko apostua egitea erabagi dau eta honakoa da katalogoan sartu dan euren lehen antzezlana. Gaur iluntzeko 19:30ean izango da Maria Goiricelayak zuzendutako antzezlan honen estreinaldia euskeraz. Bihar eta etzi, gaztelaniaz eskeiniko dabe. Handik aurrera, 30 emonaldi daukiez hitzartuta.