Eñaut Elorrieta musikari gernikarrak momentu ederra bizitzen ari dala esan deusku. Festina Lente kaleratu dau musikagintzan 30 urte beteta. Zemendiaren 6tik dago kalean, Elorrietaren bakarkako laugarren iraupen luzeko lana. Lugarri taldean hasi zan gernikarra eta Ken Zazpi taldea etorri zan ostean. 30 urteko ibilbidea beteta, momentu ederrean dagoala dino.
Hamar kantuz osotutako diskoa kaleratu dau. Bere ondoan, The National taldeko musikariak izan dauz. Nazinoarteko indie-rockaren erreferentea da talde hau. Bryce Dessner, David Chalmin eta Ben Lanz musikariez gain, Raphael Seguinier bateria-jolea be aritu da disko barrian. Elorrietak azaldu deuskunez, musikari honeek betidanik izan dabe Euskal Herriarekiko interesa. Euskeraz grabatzea, eurentzat, gainbalioa izan dala gaineratu dau. Disko honetan be, berbei jagokenez, Elorrietak berak idatzitako kantuak dagoz baina baita beste idazle batzuenak be: Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi eta Amets Arzallus idazleenak. Diskoa 2025 eta 2026 urteen artean grabau da Senperen.
Zuzenekoak
Abenduaren 28an eskeiniko dau lana aurkezteko lehenengo kontzertua. Iruñean izango da, Zentral antzokian. Bilbon, Kafe Antzokian izango da urtarrilaren 2an; Donostian, urtarrilaren 16an izango da kontzertua Intxaurrondoko kultur etxean; Gasteizen, urtarrilaren 23an izango da, Jimmy Jazz aretoan. Azpeitiako kontzertua etorriko da ostean, zezeilaren 20an, Sanagustin kulturgunean. Miarritzen be izango da, martiaren 12an Atabal aretoan. Kontzertu honeetan 30 urteko ibilbidean eskeinitako abestiak be eskeiniko dauz. Zaleei itaundu deutse ze kanta entzun nahi leukeen. Ilargia edo Itsasoa Gara moduko abestiak eskatu deutsiez. Abenduan, Durangoko Azokan be izango da Eñaut Elorrieta.
