Testigantzak https://diaspora.ahotsak.eus webgunean kontsultau daitekez

Badihardugu alkartearen egitasmoak AEBetako bost estadutan egin dauz alkarrizketak; 100 grabazino-ordu baino gehiago batu dabez

AEBetako euskal diasporaren testigantzak batzen dabil ‘Diasporako Ahotsak’ proiektua

Boisen bizi dan Maria Dolores Etxebarriagaz / Diaspora Ahotsak

Euskal diasporaren memoria eta bizipenak jasotzeko helburuagaz sortu da Diasporako Ahotsak egitasmoa. Badihardugu euskera alkarteak sustatutako proiektuak, Ameriketako Estatu Batuetan bizi diran euskaldunen testigantzak bildu dauz, belaunaldi desbardinetako 106 pertsonen alkarrizketen bitartez. Egitasmoaren barruan, Idoia Etxeberria eta Itziar Sapsootham alkarteko kideek hilabete eta erdiko bidaia egin eben igaz Ameriketako Estatu Batuetan zehar. Bost estadutan egin ebezan alkarrizketak: Idaho, Oregon, Utah, Nevada eta Kalifornian. Bidaia horretan 100 grabazino-ordu baino gehiago bildu ebezan.

Etxeberriak azaldu dauanez, hasieran ez ekien zenbat euskaldun alkarrizketau ahal izango ebezan. Aurreikuspena 25 bat alkarrizketa egitea zan, baina azkenean askoz gehiago izan ziran. Etxeberriak berak aitortu deusku bidaia “maratoi bat” izan zala. Askotan, egun berean, alkarrizketa bat baino gehiago egiten ebezan, eta leku batetik bestera joateko kilometro asko egin behar izan ebezan. Lan horretan laguntza handia izan eben tokiko euskal komunidadearen aldetik. Boiseko Euskal Museoagaz eta AEBetako Euskal Etxeakaz harremanetan jarri ziran aurretik, eta horreen bidez lotu ebezan alkarrizketak.

Egindako alkarrizketetan askotariko bizipenak jaso dabez. Alkarrizketek erakutsi dabe euskal diaspora oso anitza dala. Estaduaren arabera, komunidadeen jatorria be oso desbardina da. Adibidez, Idahon, bizkaitarrak ugariagoak dirala esan deusku Idoia Etxeberriak. Halanda be, leku guztietan elementu komun batzuk aurkitu dabez: euskal etxeak, jaiak eta komunidadearen arteko harreman estuak. Proiektuan bigarren belaunaldiko hainbat euskaldun be alkarrizketau dabez. Etxeberriaren arabera, askok etxean jaso dabe hizkuntzea, modu naturalean.

AEBetan bildutako materiala https://diaspora.ahotsak.eus webgunean jartzen dabilz. Bertan alkarrizketatuen biografiak, argazkiak eta elkarrizketen pasarteak kontsultau daitekez. Hondino, baina, lan handia daukie egiteko. Helburua da, edukiak hainbat modutan kontsultau ahal izatea: alkarrizketatuen arabera, kokapen geografikoaren arabera edo gai zehatzen arabera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00