Portugaletek penaltietan galdu eta ez dau igoerea lortu Bigarren Federazinora. Ivan Francoren mutillak golpe gogorra jaso dabe eta kategoriaz igotzeko helburua bertan behera geratu da. Hori dala eta, Lanzaroteko Yaizaren aurka galdu ostean, talde bizkaitarrak beste urte betez jokatuko dau Hirugarren Federazinoan.
Partiduaren inguruan Ager Badiola ‘Okolo’ Portugaleteko jokalari bizkaitarragaz egin dogu berba. Badiola, domekan gertatutakoa, oraindino ezin sinistuta dago: “Oindino ez dot barneratu azken minutu horietan pasau zana“. Gernikar jokalariak onartu dau penaltietan galtzea futbolean orain arte bizi dauen momenturik txarrena izan dala.
Portugalete partida irabazten hasi zan 52. minutuan, Gonzalo Zorrillak sartutako golari esker. Aurrelariak dio gola “motibazino handia” izan zala eta helburua gero eta hurbilago ikusten ebela. Ezkerraldekoei norgehiagoka alde jarri jaken, baina 90. minutuan, Yaiza taldeak, bat gitxiagogaz partida bardindu eban eta luzapenera joan ziran bi taldeak. “Euren golak psikologigoki min handia egin euskun” esan dau jokalariak eta “nahi-ta ez berantz egin genduan”.
Penaltien kinielean, txanponaren kurutzea egokitu jaken bizkaitarrei. Portugaletek jokalari onenak aukeratu eban, baina ‘Okoloren esanetan “futbolak batzutan emon eta beste batzuetan kendu egiten dotzu”. Aurkariaren atezaina handi egin zan eta taldea salbau eban bi penalti geldituz. Tandea 1-3 amaitu eben eta Yaiza izango da Bigarren Federazinoan jokatuko daben taldea.
Datorren urtean barriro saiatu
Kolpearen ostean, jokalariek aste pare bateko atsedena izango dabe eta denporaldia prestauko dabe barriro mailaz igotzen saiatzeko ilusinoagaz. Ager Badiola ados dago esanez atsedena ondo etorriko dala: “Lehenik domekakoa ahaztu behar dogu, eta gero ahalik eta denporaldiaurre onena egiten saiatuko gara”.