Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko Egurraren Plan Estrategikoa aurkeztu dau. Ibilbide-orri barri horren bidez, datozan urteetan basoaren eta egurraren balio-kate osoa indartu eta eraldatu nahi da. Planak 2030ean ezarten dau begiradea, eta 2026an jarriko ditu abian lehen jarduerak, sektoreak dituan erronka nagusiei erantzuteko eta jarduera ekonomikoa, enplegua, barrikuntza eta lurraldearen kudeaketa jasangarria sortzeko daukan gaitasuna sendotzeko. Planean Baskegurren aitamen berezia be egiten da eta gaur alkarte horretako zuzendaria nagusia euki dogu geugaz, Oskar Azkarate.
Egurraren Plan Estrategikoak 225 milioi euroko mobilizazino ekonomikoa aurreikusten dau 2026-2030 aldian: 45 milioi euroko ekarpen publikoa eta 180 milioi euroko inbertsino pribadua. Planteamenduaren helburua ahalegin publikoak enpresen inbertsinoa bultzatzea, eta basoaren eta zuraren balio-kate osoaren lehiakortasuna hobetzeko gai diran proiektuak bizkortzea da: “Erronka barri asko daukaguz aldaketa klimatikoaren ondorioz. Hori dala eta, plan estrategiko indartsua egin dogu hausnarketa sakon baten ostean”.
Ganera, bertoko egurra be sustatu gura dau planak: “Apustua hori da eta datuek apustua berresten dabe”. Horren harira, egurraren sektorearen egoeraren inguruko hausnarketea burutu dau Azkaratek geure sintonian: “Inork ez dau egurraren etorkizuna zalantzan jarten. Halanda be, basoen kudeaketak nabarmen baldintzetan dau”.
Helburuak
Egurraren Plan Estrategikoak hainbat helburu nagusi ezarten ditu: basoaren eta egurraren balio-kate osoaren lehiakortasuna eta erresilientzia hobetzea; prestakuntza eta belaunaldi-erreleboa bultzatzea; I+G+b eta baso-bioekonomia indartzea; mendien kudeaketa jasangarria sustatzea; eta sektoreko gobernantza arinagoa eta etorkizunari aurre egiteko prestatuagoa sendotzea.
