Gaur Gertu bulegoak, Prebentzino, suhiltzaile eta salbamendu zerbitzua, Bizkaiko Foru Aldundiaren datorren urteko Lan Eskaintza Publiko deialdiak eta Aldundiak udal eta mankomunidadeekaz daukan harreman eta eurentzat daukazan zerbitzuak ezagutu doguz. Izan be, hori guztia batzen da Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazinorako eta Erakunde Harremanetarako sailean, eta Ager Izagirre da diputadua.
Sute eta prebentzinoaz berba asko egin da uda honetan, Espainiako hainbat lekutan izandako sute larrien ondorioz. Izagirrek esan deuskunez, prebentzinoa lantzea ezinbestekoa da eta geure lurraldean egiten dan lana nabarmendu dau. Edozelan be, eten barik hobetzen jarraitzeko ahalegina egiten dabe eta datorren urterako Markina-Xemeineko suhiltzaileen parkean egindako barritzea guztiz amaituta egongo da.
Bestalde, Bizkaian zehar geroz eta Gertu bulego gehiago dagoz, administrazinoa hurreratu eta tramiteak egitea errazteko. Gaur egun, zazpi bulego dagoz guztira: Balmasedan, Bermeon, Durangon, Gernika-Lumon, Igorre, Markina-Xemeinen eta Mungian. Ganera, Laguntza izeneko bulegoa dago Bilbon. Hain zuzen be, Bilbon eta Getxon zabalduko dira hurrengo Gertu bulegoak.
Lan Eskaintza Publiko deialdiak
Aldundiaren Lan Eskaintza Publiko deialdiak be Izagirrek buru dauan sailaren ardurapean dagoz. Horren harira, deialdietan egiten diran euskera eskakizunek erantzuna euki dabe epaileen aldetik eta deialdi batzuk bertan behera utzi ditue. Diputadua ez dago ados: “Euskera eskakizunen sententzietan ez dira gauzak behar dan legez baloratu”.
