Israelgo Ejerzitoak Gazan 22 mila pertsona baino gehiago erahil dauz, tartean milaka ume eta andrazko. Hegoafrikak Netanyahuren gobernua genozidioa eragiteagaitik salatu dau Nazinoarteko Zigor Gortearen aurrean. Gernika-Palestina sarea Mundu Bat GKEagaz batera dabil Bejamin Netanyahu Nazinoarteko Zigor Epaitegiaren aurrera eroateko ahaleginetan. Horretarako dirua batzeko kanpaina bat hasi dabe eta 20 mila pertsonen diru ekarpena jaso gura dabe. Dirua batzeko kanpainaren barri alkarte bi honeen webgunetan jaso leiteke.
“Egingarria Netanyahu eta bere taldeko asko nazinoarteko epaitegietara eroatea. Herritarrok uste baino gehiago egin geinke” adierazo dau giza eskubideen ekintzailea dan Agus Hernanek Goizeko Izarretan irratsaioan. Une honetan Israelgo Lehen Minsitroa epaileen aurrera eroateko lau ekimen dagoz indarrean, horreetariko bat Gazako hiru legelarik hasitako bidea izango litzateke eta Gernika Palestina sareak eurakaz bat egin dau. Beste ekimenetako bat Hegoafrikako Gobernuak oraintsu hasitakoa da.
Gatazkaren hedapena
Atzo arratsaldez Libanoko uriburuan dron batek jaurtitako misil bik etxebizitza bloke bateko bi-hiru solairu suntsitu ebezan. Barruan antza Hamaseko ordezkari batzuk egozan batzartuta, horreen artean Saleh Al-Aruri, Hamasen zuzendaritzako bigarrena. “Eskalada fase baten gagoz, egunetik egunera barbaridade handiago bat ikusten gabilz. Hizbulak “mendeku” berbea erabili dau eta Euskal Herrian daukagun esperientziatik gure ekarpena bakearen eta konponbidearen aldekoa izan behar da” adierazo dau Hernanek.