Suizidioa prebenitzeko Nazinoarteko Eguna da gaur, irailak 10. Hori dala eta, Biziraun, Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartera jo dogu Bizkaia Irratian. Hain zuzen be, alkarteko sortzaileetariko bat dan Agustin Erkiziagaz egin dogu berba: “Suizidio tasaren joerea mantendu egiten da, gorabehera batzuk egon arren”. Euskal Estatistika Erakundeak zabaldutako datuen arabera, 159 pertsonek egin eben bere buruaz beste Euskadin 2025ean. Erkiziak aitatutako datuaren ganeko ohartxo bat egin deusku: “Suizidio lez jasoten ez diran heriotzak igon dira: ustekabeko erorikoak, itotzeak… biderkatu dira azken 10 urteetan. Oso kezkagarria da”.
Biziraun, Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea 2016ean sortu zan: “Geure semea 2013an joan jakun. Bartzelona eta Madrilera joan ginan eta bertan egozan alkarteak ezagutu genduzan geure ezinegonari aurre egiteko. Ostean, Biziraun, Maite dugun norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea sortu genduan”. Horren harira, konfiantza, komunikazino eta laguntza gune bat sortu nahi dabe. Espazio seguru bat, non pertsona guztiek hizkuntza bera berba egiten daben, alkar sendotzen daben eta beste testuinguru batzuetan adierazten gatxak diran esperientziak eta emozinoak partekatzen dabezan. Alkarri laguntzeko taldeak daukez martxan: “Bost dagoz eta formatu ezbardinak daukez. Pertsona bakotxak ikasketa prozesu barria hasten dau bertara joaten hasterakoan”.
Elkarri laguntzeko talde batean integratu aurretik, pertsona guztiak banaka hartzen dira beren egoera emozionala baloratzeko, eta, ados jarrita, osotutako taldeetako batean sartzea erabagitzen bada, taldeen dinamika, etika- eta konfidentzialtasun-kodea, alkarrekiko errespetua eta laguntza-konpromisoaren garrantzia azaltzen jakoz. Elkarri laguntzeko taldea hilean behin biltzen da, iraila eta bagila bitartean, eta bataz beste 90 eta 120 minutu bitartean irauten dau.
