Iñaut Amezagagaz hilean behin egiten dogun Aho-tartea

Ahoko minbizia zer dan, zergaitik sortzen dan, zeintzuk diran etiopatogenoak eta prebenitzeko egin beharrekoak jakin doguz, besteak beste

Ahoko minbiziaren ikuspuntu biologikoa aztertu dogu Iñaut Amezagagaz

Aste honetan Osasunaren Mundu Erakundeak okela prozesaduak 1. mailako kartzinogeno lez sailkatu dauz, baina ez da erreza jakitea zelako eragina euki ahal dauan horrelako faktore batek benetan minbizia sortzeko. Hilean behin Aho-tartea egiten dogu Odontologian doktorea eta EHUko irakaslea dan Iñaut Amezagagaz. Gaur ahoko minbiziaren inguruan berba egin dogu zeintzuk diran kontuan hartu behar doguzan faktoreak ezagutu eta prebenidu ahal izateko.

Minbizia biologikoki, asko laburbilduz, zelulen “deskontrola” dala esan geinke. Zelulek kontrol mekanismoetatik iges egiten dabe eta muga barik ugaltzen hasten dira, inguruko eta urruneko ehun eta organoak inbadiduz. Hori sortzen da mutazino genetikoen ondorioz. Zergaitik gertatzen dan ulertzeko aldaketa epigenetikoak zer diran jakin behar dogu eta Iñautek azaldu deusku, epigenetika genetikari, puntuazinoa testuari jagokona dala. Letrak bardinak dirala, baina irakurtzeko modua aldatzen dala. Beraz, propiedade kommutatibo lez ezagutzen dogun “faktoreen ordenak ez dau produktua aldatzen”, ez da horrela genetikari buruz berba egiten dogunean.

Gaixotasun jakin bat sortzeko kausak eta mekanismoak, etiopatogenia izenagaz ezagutzen da eta Iñautek sailkatzeaz gan, puntuz puntu azaldu deuskuz faktore bakotxaren eraginak. Zerrenda horretan, danok argi daukaguzan tabakoa eta alkohola agertzen dira lehenengo postuan, baina baita betela, eguzkia, giza papilomaren birusa, beste mikroorganismoak (kandida, gaixotasun periodontalean dagozan bakteriak…), aho-osasuna eta dieta be agertzen dira.

Ahoko nahasmendu potentzialki gaiztoak be aitatu dauz Iñautek: leukoplasia, eritroplasia eta ahoko gaixotasun likenoidea. Gaur egun, ANPGekaz dagoan arazoa da, ez daukagula modurik aurresateko ze lesino bihurtuko dan minbizi (gehienak ez dira inoiz minbizi bihurtzen) eta lesino honeen arriskua gitxitzeko modurik ez daukagula.

Gaurko Aho-tartea prebentzioagaz amaitu dogu. Tabako-alkohola kendu, eguzkitik babestu, dieta osasuntsua egin (barazki eta fruta asko, te berdea eta kafea, arraina…), aho-osasuna mantendu eta odontologoarengana periodikoki joan behar gara, aho-minbizia izateko aukerak ahalik eta gehien murrizteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00