Bizkaiko Foru Aldundiak enpresentzako eta ekintzaileentzako 63 milioi euroko dirulaguntzak iragarri ditu

Tubos Reunidosek 301 behargin kaleratu gura dituala ezagutu genduan atzo

Ainara Basurko: “Arazo ezbardinak ditu Tubos Reunidosek: merkadua, kostuak eta zergak”

Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputadua / Bizkaia Irratia

Bizkaiko enpresa sareari begiratu deutsagu gaurko Goizeko Izarretan irratsaioan, zelan dagoan eta zeintzuk aukera dagozan jakiteko asmoagaz, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputaduaren eskutik. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresentzako eta ekintzaileentzako 63 milioi euroko dirulaguntzak iragarri ditu, 38 milioi inguru itzuli beharko ez diranak, igaz baino %22,6 gehiago.

Laguntza zuzenak lau bloketan batu dabez: barrikuntza, ekintzailetza, nazinoartekotzea eta talentua. Bakotxaren barruan asko sartzen da jakina, baina horreek nabarmendu dabez. Digitalizazinoaren esparruan, esaterako, 50 beharginetik beherako enpresak hartuko dabez aintzat aurton. Horren beharra ikusi dabe.

Dana dala, azken orduetan pil-pilean egon diran kontuak be jorratu doguz diputaduagaz. Tubos Reunidosek 301 behargin kaleratu gura dituala ezagutu genduan atzo. Basurkok egoerea aztertu dau, behargin eta familiei babesa eskaini ostean: “Arazo ezbardinak ditu Tubos Reunidosek: merkadua, kostuak eta zergak. Bere merkadu nagusia diran Ameriketako Estatu Batuek behera egin dabe Trumpen muga-zergak dirala eta. Ondorioz, enpresak ezin deutse aurre egin kostuei eta zergei”.

Aitatutako Ameriketako Estatu Batuen muga-zergak, gerrak ezbardinak eta ziurbakotasuna nagusi diran mundu honetan, siderurgia edo automobilgintza lako sektoreak sufriduten dabilzala nabarmendu dau Basurkok: “Eraginik handiena siderurgian eta automobilgintzan ari dira jasaten, datuen arabera”. Txanponaren bestaldean, energiaren eta osogai elektrikoaren sektoreak dagoz. Amaitzeko, enpresei laguntzeko dagozan hiru erakundeen ganean egin deusku berba Basurkok: BEAZ, Seed Capital Bizkaia eta Bizkaia Talent.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00