2004ko urriaren 15ean, 24 urte ebazala, Ainhoa Elorriaga Baraizarrak, ibilbide profesional oparoa eukan aurretik. Gazte busturiarrak (2 master egin ebezan Ikus-entzunezko Komunikazinoan eta praktikak komunikabide nabarmenetan), auto-istripu larria izan eban, eta horren ondorioz 5 hilabete koman eta koma induzituan egon zan. Inflexino puntu tragiko bat izan zan bere bizitzan eta bere familia osoarenean, eta hortik aurrera gainditze pertsonal eta biziko bide gogor bat egin dau.
Medikuek ez eutsen itxaropenik emoten, baina familiaren positibotasunak eta aurrera egiteko gogoak edozein oztopo gainditzen lagundu eutsen, nahiz eta gatxa izan. Begietako hainbat ebakuntza (ezin ebazan begiak zabaldu) eta hanketako ebakuntzak (mugikortasun guztia galdu eban) egin eutsezan. Ezin eban ezer iruntsi eta oztopo guztiak errehabilitazino-prozesu gogor bategaz gainditu ebazan.
2006an mugikortasuna berreskuratu eban, baina gorputzaren ezkerraldean bakarrik. Orduan ikasi eban barriro ezkerreko eskuagaz idazten. Maila akademiko altu bategaz, Ainhoak istripuaren ondoren C2 mailako euskara azterketa gainditzea lortu eban. Urte horretan 66 pertsonak baino ez eben gainditu EAE osoan. Orduan, euskaltegikoek eta bere neurologoak bere bizi-esperientzia kontetako liburu bat idaztera animau eben. Eta hala egin eban. Orain, Ainhoa Elorriagak bere lehen liburua aurkeztuko dau: «Bizitzeko gogoa». Bertan, positibotasunetik abiatuta, bere gainditze-historia kontetan dau.