
Aiora Zabaleta Ondarroako arraunlariagaz egin dogu berba asteon Emakumeak Jokoan irratsaioaren emonaldi barrian. Zabaletak bere laugarren denporaldia beteko dau aurton Antiguako Aman eta poz-pozik dagoala esan deusku. Izan be, Bizkaiko Batelen Txapelketan garaipena lortu eben aurreko hilabetean. Ondarroa Portugaleteren aurretik helmugaratu zan.
Euskadiko Batelen Txapelketan, aldiz, hirugarren postuan amaitu eban Ondarroak, bigarrenetik oso gertu. Kasu honetan, Hibaikak eskuratu eban garaipena eta San Juan izan zan bigarren sailkatua. Halanda be, 28 ehunen egon ziran bakarrik San Juan eta traineru bizkaitarraren artean. Batelak alde batera itxita, traineru txikien denporaldian murgilduta dago Zabaleta orain.
Traineru denporaldiari jagokonez, ETE ligan izango da Ondarroa barriro be. Liga bagilaren 21ean hasiko da El Astilleron eta abuztuaren 23an amaituko da Deustun. Aurreko denporaldian zazpigarren postuan amaitu eban Ondarroak, 30 puntukaz, Hernaniren aurretik. Zabaletak esan deuskunez, aurreko denporaldiko emaitzak hobetu gura dabez aurton. Beraz, seigarren postua eskuratzeko lehian egotea espero dabe, behintzat.