Urtarriletik aurrera, zuzeneko kontzertuak eskeiniko dauz

Latzen taldeak 'Denboraren Orbainak' diskoa kaleratu dau

Aitor Uriarte: “Disko orekatua da”

Aitor Uriarte / Bizkaia Irratia

Latzen taldeak Denboraren Orbainak diskoa aurkeztu dau. Lan barri honegaz, Latzen taldearen hirugarren aroa hasten dala esan daiteke. 1993 eta 1999. urteen artekoa izan zan lehenengo etapea. Laukoteak orduan, Kontzientzia ala infernua eta Ardi larruz argitaratu ebazan. 2007. urtean bueltau zan taldea eta Infernuko ateetan kaleratu eben. Urtebetean aritu ziran kontzertuak eskaintzen eta barriro be eten eben ibilbidea. Dinogunez, gaur aurkeztutako lanagaz hirugarren aroa hasten dala esan daiteke. Aitor Uriartek, Latzen taldeko ahotsak eta gitarrak esan deuskunez, euren estiloari eutsi deutse etapa guztietan, euskerazko heavy/thrash metala jorratzeko era propioa eskeiniz. Askok gogoratzen dabe Latzen taldea Laztana abestiagatik. Euren lehenengo diskoko kantua izan zan eta ez zan inoiz single-a izan. Uriartek esan deuskunez, ohore bat da eurentzat hainbestek gogoratzea Laztana.

Lan orekatua

Denboraren Orbainak diskoagaz bueltatzen da beraz Latzen. Nobedadea da, taldean, kide barri bat dagoala. Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria) betiko kideakaz batera, Yerko Ortiz izango da orain gitarran, Iker Martinez de Zuazoren ordez. Lan barrian, aurretik erdi eginda eukitako kantuak berreskuratu dabez eta kanta barriak sortu. Lan orekatua dala dino Uriartek. Latzen taldeak urtarriletik aurrera aurkeztuko dau disko barria zuzeneko kontzertuetan. Sarrerak agortuta dagoz dagoeneko Atarrabian, Bilbon, Gasteizen eta Azpeitian eskeiniko dabezan kontzertuetarako. Madril edo Katalunian egingo diran jaialdi erraldoietan be izango dira talde handiakaz batera. Bihar hasiko dan Durangoko Azokan be izango da Latzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00