15 urte igaro dira Akerbeltz erromeria taldea sortu zanetik. Urte guzti horreetan Euskal Herrian zehar ibili dira erromeriaz erromeria eta euskal jaietan ezinbesteko bihurtu da euren presentzia. Lehenengo kontzertutik urteak ezeze, musikari desbardinak be igaro dira. Gaur egun Naia Fernández, Jon Castañeda, Lander Aguado, José Carlos Calvo eta Emilio Vázquez dira Akerbeltz. Emilio (kitarrajolea) da taldearen hasieratik dagoan bakarra. Berak sortu eban Akerbeltz 2008.urtean.
Jon, Lander eta Calvo taldekideak etorri jakuz bisitan. Urduri eta era berean gogotsu dagoz Akerbeltz-ekoak. 15.urteurrena ospatzeko, zezeilaren 16an kontzertua eskainiko dabe Bilboko Kafe Antzokian. Kontzertu berezia izango dala esan deuskue taldekideek, taldekide ohiek parte hartuko dabe eta sorpresak be egongo dira. Ganera taldeak errepertorioa barriztau dau goitik behera. Abendutik hona 35 kantu barri prestau dabezala esan deusku Jon Castañedak. Ikuskizun barritzailea prestau dabela azaldu deuskue, “inoiz egin ez diran gauzak egingo dabezala”.
Bilboko Kafe Antzokiko emonaldiaren ostean, Akerbeltz erromeria taldeak Astrabuduan, Gasteizen, Deustun… joko dau datozan asteetan.