Oroimen edo memoriarako egun esanguratsuetan gagoz. Esaterako, asteon bete dira 45 urte Antonio Tejerok estadu kolpe ahalegina egin ebanetik eta atzo bertan orduko agiriak sekretupetik atara ziran, desklasifikau egin ziran eta publikoak dira dagoeneko. Alberto Alonso Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak esan deusku emondako urratsaren aldeko balorazinoa egiten dauala: “Memoria sendo bat eregiteko garrantzitsua da datuak eukitea”.
Bestalde, datorren astean beteko dabe mende erdi martiaren 3ko Gasteizko gertakariek, eta orduko agiriekaz be gauza bera egiteko batek baino gehiagok eskatu dau egunotan. Horren harira, urteurren ekitaldian Gogoraren rola zein izango dan plazaratu deusku zuzendariak: “Geure lana instituzionala da kasu honetan. Eusko Jaurlaritza moduan beste ekitaldi bat antolatu dogu Udala eta Aldundiagaz batera. Lehendakaria bertan izango da”. Esan bezala, eskari ugari egin da gai honen inguruan, tartean, Espainiako estaduari ardura zuzena autortzeko eskatzen jako. Mina bai autortu dau Gobernuak, baina erantzukizuna ez da onartu.
Askotan entzuten dogu memoriari eustea garrantzitsua dala, batez be, gertakari latzak errepikatu ez daiguzan: “Memoria kontuetan zehaztasunagaz jokatzea oso garrantzitsua da”. Halanda be, lan hori ez dogu beti ondo egiten, antza, eta horren adibide da gazte ugarik gaur egun frankismoa goraipatzea, orduko ideiak eta eginak ontzat jotea. Hain zuzen be, horren inguruko ariketea egin eban Gogorak atzo, 500 gazte bilduta Barakaldoko BECen. Ekintzaren nondik norakoak plazaratu deuskuz Alonsok berak: “Historialari bi eta kazetari bat bildu genduzan, sare sozialetako hizkuntza mota erabilita, mito batzuk desmontetako datuekaz”.
Balorazinoa
2024an heldu zan Alonso Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaritzara. Beraz, urtebete baino gehiago daroa postuan dagoeneko. Oso pozik dago: “Eusko Jaurlaritzan dagoan taldea nabarmendu gurako neuke. Konpromiso eta sensibilizazino handiko pertsonak dira”. Ganera, lanean jarraitzeko prest dagoala esan deusku.
