Nogen taldea disko barriagaz dator: 'Aben Cirkel'

Talde donostiarrak lau aurkezpen kontzertu eskeiniko dauz; zemendiaren 24an Bilboko Kafe Antzokian izango dira

Alex Irazusta (Nogen): “Anbizinoa handitu egin da eta emaitzan nabaritzen da”

Nogen taldeak bere hirugarren disko luzea kaleratu dau: Aben Cirkel. Danieraz ‘zirkulu edegia’ esan gura dau. Beraz, aurreko disko biei lez, Liv Til Doden (2018) eta Under Alt (2020), hirugarren honi be daniar izenburua jarri deutse. Lehenengo disko bi arrakastatsuen ostean, talde donostiarra indarbarrituta dator, mugak apurtu eta orain arte ezezagun diran latitude barrietara iristeko asmoz.  Taldekideek azpimarratu dabenez, disko barriak aldaketa nabarmenak dakarz aurreko disko biekaz konparauta. Orain arteko diskorik landuena, bereziena da. Alex Irazusta gitarra joleak azaldu deuskunez, “denpora eta esfortzu gehien dedikau deutsagun diskoa da. Anbizinoa handitu egin da eta emaitzan nabaritzen da”.

Bigarren diskoko geldialdiaren ondoren, Ane Negueruela abeslaria taldera bueltau da. Aneren itzulerak “kalidade salto nabarmen bat emon deutso diskoari eta taldeari” azpimarratu deusku Irazustak.

Boskote donostiarrak Nacho Mur (La M.O.D.A., Luis Fercan, Valeria Castro), JEWLN (Hofe, Izaro, Merina Gris), Eliot James (Two Door Cinema Club, Bloc Party, Noah and The Whale), Jordi Mora (Cala Vento, Quique Gonzalez, Lory Meyers) edo Brais Ruibal (St Woods, Alice Wonder, Xoel López) moduko izen handiakaz ekoiztu eta egin dauz nahasketak.

Nogen taldeak lau aurkezpen kontzertu eskainiko dauz Hego Euskal Herriko uriburuetan: zemendiaren 17an Iruñeko Zentral aretoan, 18an Gasteizko Jimmy Jazzen, 24an Bilboko Kafe Antzokian eta abenduaren 30ean Donostiako Dabadaban. Azken kontzertu honetarako sarrerak salgai jarri eta berehala agortu ziran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00