Ikastolen Elkartearen laguntzeagaz eta alkarlanagaz sortu dau

Durangoko Azokak BADA! unidade didaktikoa sortu dau, ikastetxeetan euskal kultura murgiltzeko eta azokea sakonago ezagutzeko

Euskal kulturea ikasgeletara

12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago proposamena / Durangoko Azoka

Durangoko Azokak, Ikastolen Elkarteagaz alkarlanean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteakaz ikastetxeetan lantzeko BADA! unidade didaktikoa prestau dau. Proposamena baliatuz, ikasleek Durangoko Azoka sakonago ezagutzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dabe, jolasaren eta hausnarketearen bidez, eta euren herriko edo inguruko testuingurutik abiatuta. Unidade didaktikoak hamar jarduera batzen dauz, hiru fasetan banatuta: Durangoko Azokaren aurretik, azokak irauten dauan bitartean eta ostean.

Xixili Bengoetxeak azaldu dauanez, ikastetxeek eta ikasleek urtero erakusten daben parte-hartzeak bultzatu dau proposamena sortzea. Izan be, Durangoko Azokara ikasle ugari joaten dirala ikusita, azokearen inguruko lanketa sakontzeko beharra ikusi dabe. Baina azokako egunetan zentrau beharrean, lanketa hori transbersalagoa bihurtzea eta azoka aurretik eta ostean be horretan sakontzea beharrezkoa dala azaldu dau. Unidadea Ikastolen Elkarteagaz alkarlanean atondu dabe. Bengoetxearen berbetan, erakunde horrek hezkuntza-arloan daukan esperientzia baliatu dabe alderdi didaktikoa lantzeko.

Hiru fase eta hamar jarduera

BADA! unidade didaktikoa hiru fasetan banatu dabe. Lehenengoa, Girotzen eta berotzen, Durangoko Azokaren aurretik lantzeko da. Ikasleen aurretiazko ezagutzak aztertzea, motibazinoa sustatzea eta euskal kulturako erreferenteak ezagutzeko jakin-mina piztea dauka helburua. Bengoetxeakazpimarratu dau proposamena malgua dala, irakasleek eta ikasleek euren beharren arabera egokitu leikiela, eta ez dala beharrezkoa jarduera guztiak egitea. Jarduerak askotarikoak dira, baina jolasa eta hausnarketea dira ardatz nagusiak.

Bigarren fasea, Plazara!, ekintzara igarotzeko pentsatuta dago. Ikasleek Durangoko Azokara joateko aukerea daukie, baina ikastetxean bertan azokako giroa birsortzeko jarduerak be proposatzen dira.

Hirugarren faseak, Mamiari tiraka izenekoak, azokaren ostean emoten deutso jarraipena ikaste-esperientziari. Bizitakoaren inguruko sorkuntza eta hausnarketa lantzeko jarduerak jasotzen dauz.

BADA! unidade didaktikoa Euskal Herriko hezkuntza-komunidadearen eskura dago. Ikastetxeek Durangoko Azokaren webgunean aurkitu leikie materiala, Ikasle Goiza atalean. Jarduerak banan-banan deskargatzeko aukerea dago, baita unidade osoa batera eskuratzeko be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00