Amaia Gabantxo idazle bermeotarrak poztasun handiz jaso dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen saria.
Aurreko astean emon zan jakiten bederatzigarren Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria Amaia Gabantxorentzat zala. Honek, Miren Agur Meaberen “Hezurren Erretura” itzuli dau ingelesera, Parthian Books argitaletxeagaz. Aipatutako sariak, jatorriz euskeraz idatzita eta argitaratuta dagoen obraren baten itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloretan dauz. Itzultzaileak eta argitaletxeak sei mila euro jaso dabez argitalpenaren sustapenerako.
Meaberen trilogia ingelesez
Egun batzuk pasata egin dogu berba idazle bermeotarragaz eta pozik aurkitu dogu. Esan deuskunez, Miren Agur Meaberen lagun handia da eta plazer handia da berarentzat idazle lekeitiarraren lanak itzultzea. Miren Agur Meaberen “Kristalezko Begi Bat” be itzuli eban Amaia Gabantxok. Honakoa, orain itzulitako “Hezurren Erretura” eta “Nola Gorde Errautzak” Lekeitioko idazlearen trilogía modukoa da. Hirugarrena be itzultzeko asmoa dauka bermeotarrak. Gogoratu dauanez, emakume artista baten bidaia kontetan da hiru lan honeetan.
Bigarren saria
Amaia Gabantxok, 2018. Urtean be irabazi eban Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen saria. Orduan, Center for BAsque Studies-ek Gabriel Arestiren “Harri eta Herri eta Maldan Behera” kaleratu eban ingelesez. Gabantxok, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi, Unai Elorriaga edo Bernardo Atxagaren lanak be itzuli dauz ingelesera. Esan deuskunez, agintariek garrantzi handiagoa emon behar leukioe itzulpen arloari. Diño, garrantzitsua litzatekeela idazle euskaldun klasikoen lanak ingelesera itzultzea.