Osasun Itunaren Mahaia estrategien faserako bidean dagoala esan dau Osasun sailak. Azkeneko bileran printzipioei buruzko kritikak entzun ziran, batez be, EH Bildu eta LABen ahotik. SATSEk uste dau foro hau, aldi berean, positiboa eta zaila dala. “Eragile guztiok gure ikuspuntua emoten dogu. Hau oso aberatsa baina era berean oso gatxa da. Printzipioen fasean gagoz eta unerik gogorrenak estrategien fasean (urtarrila amaieran) helduko dira” esan dau SATSE sindikatuko Amaia Mayorrek
Emaginen egoerea
Emaginen etorkizuna bermatzeko txosten bat emon deutso SATSEk Osakidetzari. Euskadin mila biztanleko emaginen kopurua asko aldatzen da lurraldez lurralde. “Emaginek gaur egun zailtasunak dabez oporrak hartzeko edo kontziliazinoa bermatzeko. Hurrengo urteetan sistematik zenbat emagin urtengo daben aztertu behar da egoera horri konponbide bat emoteko” azaldu dau Mayorrek
Hauteskunde emaitzen balorazinoa
SATSEk Osakidetzako hauteskundeetan lehen indarra izatea lortu dau. ELA sindikatuagaz eukan aldea handitu dau SATSEk. Lehen bost ordezkarien aldea ataraten eutsan eta hauteskundeen ostean SATSEk ELAk baino zortzi ordezkari gehiago daukaz. 89 ordezkari SATSEk eta 81 ELAk. Atzetik, ordezkaritzan urrunago, LAB, UGT, Medikuen Elkargoa eta CCOO. “Pozik gagoz emaitzakaz, azken urteetan lan baldintzak hobetzeko akorduak sinatu doguz eta gure ustez osasun langileek hori balorau dabe” esan dau Amaia Mayorrek (SATSE) Goizeko Izarretan saioan.