Erretinaren munduko egunaren harira, Retina Euskadi Begisarek edade guztientzako jardunaldi ludikoa antolatu dau irailaren 28an Gasteizen. Ospakizuna Arabako uriburuko Probintzia plazan izango da, 10:00etatik 14:00etara. Ospakizunaren helburua bikotxa da: alde batetik, herritarren artean sentsibilizazinoa areagotzea, eta bestetik, kaltetutako pertsonen parte-hartze aktiboa bultzatzea. Kolektiboarentzat hain garrantzitsua dan egun hau Gasteizen ospatuko da lehenengoz. Historikoki Gipuzkoan antolatu izan da, igaz Bizkaian egin zan eta aurten Arabako uriburuaren txandea da.
Zapatuko jardunaldi osoan zehar informazino gune bat be izango da. Hurreratzen diranek, erretinako herentziazko distrofiak zer diran eta ikusmen murriztua zertan datzan jakin ahal izango dabe. Ana Grijalba Retina Gipuzkoa Begisare alkarteko lehendakariordeak Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez, erretinako herentziazko distrofiak erretinari eragiten deutsen gaixotasunak dira, gaixotasun larriak eta arraroak. Degeneratiboak dira, okerrera egiten dabe eta oraingoz ez daukie sendabiderik. Pertsona honeek egunerokoan daukiezan arazoetaz edota ikerkuntzaz be egin dogu berba Ana Grijalbagaz.
Retina Euskadi Begisare
Retina Euskadi Begisare izenpean, erretinako eta orokorrean, ikusmen murriztuko herentziazko distrofiak daukiezan pertsonen bizi-kalitatea hobetzen dabilzan hiru euskal erakundeak batzen dira: Retina Araba Begisare, Retina Bizkaia Begisare eta Retina Gipuzkoa Begisare alkarteak. 500 bazkide inguru ordezkatzen dabez, Euskadin dagozan kaltetu gehienak.