
Itsas Salbamendu alkarteak, Aita Mari itsas erreskate ontziaren operadoreak, salaketea jarri dau VOX Borriana eta Jesus Albiol VOX-eko diputaduaren kontra. Kalumnia eta irain delituak leporatzen deutsez Albioleri. Kontua da, igaz, Aita Mari ontzia babeslekua aurkitu ebala Borrianako eta Vinaroseko portuan, Valentzian. Euren misinoetatik atseden hartu eta mantentze-lanak egiteko aprobetxau eben. Orduko Valentziako gobernuak portu-tasen salbuespena ezarri eutsen, baina gobernu aldaketea izan zan eta neurri hau bertan behera geratu zan. PP-ren gobernuak VOX alderdiaren eskaereari men egin eta 4 urteetako portu-tasak erreklametan deutsoz Itsas Salbamendu alkateari, hau da, 63.000 euro. Hau dala eta, protestaldiak izan ziran igaz, irailean, Valentzian bertan eta protestaldi honeetan egin ebazan adierazpenak Jesus Albiol diputaduak. “Negreroen ontzia” dala esan eban, besteak beste. Itsas Salbamendu alkartetik, Ana Perezek esan deusku, eskuma eta eskuma muturreko agintariek pertsonak erreskatatzeko lana oztopatu nahi dabela zailtasun desbardinak jarriz. Ana Perezek gogoratu dauanez, eurena moduko ontzientzat, kalte handia da portuko tasak ordaindu behar izateak. Valentzian protestak izan ziranean, PP eta VOX kenduta, gainontzeko alderdiak eta eragileak Aita Mariren alde azaldu ziren. Albiolek bitartean, pertsonen trafikoan murgilduta ibiltzea leporatu eutsen. Aita Mari ontziak, 2019. urtetik 1328 pertsona erreskatatu dauz bizirik Mediterraneoan. Urtero handitu egiten da kopurua.